Jolasaren balioa

Lander Juaristi Lasa Txatxilipurdi elkarteko eta Bergarako Herri Hezitzailearen lan taldeko kideak jolasaren inguruan idatzi du uztaileko kolaborazioa. Haurtzaroaren kulturan jolasak duen garrantziaz eta heldu moduan, jolas horri eman ohi diogun balioaz hausnartu du.

Denbora…

Jolasa, jolastea, denboran galtzea eta ez denbora galtzea, edo bai?  Bakarrik edo  taldean, denboraren logikak apurtzen dira jolasean. Jolasaren aditzek mundu paralelo batera garraiatzen gaituzte, propio duten denborak erabiliz; zu amatxo zinen eta ni erregina eta zu erreginaren hipopotamoa… bale? “Zinen” horrek ez du jolasa iraganera eramaten, jolasaren ez denborara baizik, denak balio duen eta dena sortzeko dagoen denbora horretara. Deitu sinbolikoa edo irudimenezkoa, deitu nahi duzuen bezala baina begiratu eta gozatu.

Mmm…

Begiratu haur txikiak nola sartzen duen harea lapiko txikian eta sua pizten duen bere botoi magikoarekin. Harea bilakatu duen makarroi eta koilara txiki batekin ematen dizu ahora beroa dagoen edo ez frogatzeko eta zuk zalantza egin duzu, bere munduan sartu eta harea irentsiko zenuke, magia ez zapuzteko, bere mundu magikoan sartua zaudela frogatzeko, baina harea krask-krask ahoan… Ez!  Jateko keinua egin duzu eta “mmm ze goxoa!” erantzun duzu.

Arriskua...

Jolasa, haurrek garatzeko duten tresna propioa, mundua deskubritzeko duten berezko gaitasuna, beharra, barrukoa. Imitazioz jolastuko dute, panpina zainduko dute edo erronkak gaindituko dituzte. Jolasa erronka eta arriskua ere badelako, gorputzaren mugak ezagutzeak dakartzan arriskuak. Bakarrik lurrean buelta ematea edo altura txiki horretara igotzea laguntza gabe, eta lortzean, jolasa gainditzean, irribarrea, lorpenaren sentsazioa.

Petere Grayk jolasa aztertu zuen “Free to learn” liburuan, haurren berezko izaeraren alderdiak, bizirauteko eta jaio ziren kulturan behar bezala jarduteko, beraien kabuz eta ekimen propioz ikasteko aukera ematen dietenak interesatzen zitzaizkion eta jolasean aurkitu zituen erantzunak.

Galderak…

Jolasa balioan jartzeak, duen garrantziaz ohartzeak, jolasa behatzera eramango gaitu, hezkuntza sisteman, aisialdi hezitzailean, gurasotasunean edota herrigintzan ere bai. Zein leku-denbora eskaintzen diegu haurrei jolasteko? Barrutik sortzen den jolas libre eta espontaneo hori garatzeko? 

Herri jolasgarriak ditugu? Hezkuntza sisteman zein denbora eta leku eskaintzen dizkiogu jolasari, esplorazioari? Zergatik desagertzen da Lehen Hezkuntzan jolasa ikasgelatik? Gure haur edo ikasleei eskaintzen al dizkiegu modu “seguruan” arriskatzeko aukerak?  Patio egokiak al ditugu jolasa sustatzeko? 

Badakigu haurrek erronkak behar dituztela, arriskua dakarten  erronkak gainera; beraien mugak aurkitzeko, esploratzeko… utziko al diogu haur txikiari zuhaitzera igotzen? Adarretik zintzilikatzen? Altura hori gainditzen? Utziko al diogu lokatz gunean jatetxea montatzen, zikintzen eta lokatza janari bihurtzen? 

Ulerkera komuna…

Jolasari balioa emateak galdera ugari dakartza, hezitzaile eta guraso moduan ditugun beldurrak aztertzera garamatzatenak eta gure mugak ere ulertzera eramaten gaituztenak. Oinherriren kolaborazioan gaudenez, azken galdera; Herri Hezitzailean zein leku eskainiko diogu jolasari?  Haurtzaroaren kultura nola lurreratuko dugu? 

Egiten diren saiakera guztiak izango dira ederrak eta esango nuke, jolasaren ulerkera komunak elkarrekin bidea egiteko aukera eskainiko digula. Ekingo diogu?

Beste kolaborazio batzuk

Bizipoz bila

Nerea Godoy Bizipozako kidea eta hezitzailea da ekaineko Oinherriren kolaboratzailea. Bizipoza zer den eta munduan duen lekuaz idatzi digu, ertzetan kokatuta egoteaz eta erdigunea okupatzeaz.

Gehiago irakurri

Haizearen hotsak eta haurtzaroko isiltasunak

Kolaborazio berri honetan, Irati Andoño Erdozainek azaltzen digu haurrak ingurunearekin harreman afektiboak garatzen dituzten subjektuak direla, ez soilik ingurunetik mugitzen diren gorputz hutsak. Irati espazioak eta haurren esperientziek duten loturan aditua da eta naturan oinarritutako hezkuntza programetan aritzen da. Berak, haurra eta naturaren arteko harremanak sustatzeko helduok dauzkagun tresna nagusiak isiltasuna eta kontenplazioa direla aldarrikatzen du.

Gehiago irakurri
Scroll to Top