Zer da Herri Hezitzailea?
Hezkuntza da pertsonok ingurua eta mundua begiratzeko eta bizitzeko dugun modua eraldatzeko garatu beharreko prozesuaren gako garrantzitsuetako bat. Hala ere, horretarako hezkuntza egitasmoen ikuspegia zabaldu beharko genukeela uste dugu. Herri hezitzailearen filosofiatik hezkuntza, eskolaz eta familiaz haratago, herriko eragileen arteko ardura konpartitu moduan ulertzen dugu: tokiko udalek, hezkuntza formal zein ez formaleko eragileek eta herrigintzakoek partekatzen duten ardura, hain zuzen ere.
Horretarako, gure herriei eta herritarrei esanahi berria emateko beharra ikusten dugu, lurraldea fisikoki eta sozialki birdefinitzeko beharra. Birdefinizio horretan garrantzia eman nahi diogu herrien intentzioari eta herritarren izaera hezitzaileari.
Hezkuntza edozein herri edo komunitateren esparru berebizikoa da. Heztea, baina, ez da soilik eskolaren edo familiaren betebeharra, jendarte osoarena baizik. Beraz, hezkuntzaren ardura eskola erakundetik haratago kokatu, eta hezkuntza ikuspegi integralaz hitz egitera pasa nahiko genuke.
Hezkuntza prozesu iraunkor bezala planteatzen da gure bizitzetan, eta prozesu horren helburua da pertsonen garapena, bizitzaren fase guztietan eta fase bakoitzeko arlo guztietan. Eragile ugarik parte hartzen dute prozesu horretan. Izan ere, hezkuntza bere zentzu luze eta zabalenean bizitzeko proposamena da gurea. Hau da, denbora eta espazio mugarik gabe, egungo ulermenetik haragoko prozesu gisa.
Prozesu hori herritarrak elkarbizitzen ari diren esparruan ematen da, herrian. Herriaz ari garenean, bere alde gogorraz (hirigintza antolamendua) zein bigunaz (ehun soziala) ari gara. Beraz, herria eremu hezitzailea da eta bertako herritarrak eragile hezitzaileak eta hezkuntza proiektu komunitario bateko partaide potentzialak dira.
Herria, beraz, bada hezkuntzarako eduki, testuinguru zein eragile (Trilla, 1999). Ondorioz, herria egitura estatiko delako ustea gainditu, eta eraikuntza-prozesu dinamikoa dela sinestea izango da gakoa. Beraz, herri hezitzailea hezkuntza-edukiz jantzi eta gorpuztutako eta garapena bultzatzeko herri eredu bezala aurkezten da, eta eredu horretan komunitate osoa izango da hezkuntzaren erantzule.
Herritarrok elkarrekin egunero egiten dugu komunitatea. Kontua da hori nola egiten dugun aztertzea, komunitate hezitzaileagoak sustatzeko gutako bakoitzak daukagun erantzunkidetasunaz kontzientzia hartzeko. Gai horretan ezinbestekoa izango da herri gisa ezberdinen artean ipar partekatu bat adostea, kolektiboki adosturiko norabide horretan elkarlanean aritzeko. Horretarako, martxan jarriko dira egitasmoak, proiektuak eta ekimen txiki, ertain zein handiak, bakoitza bere aldetik, norbere izaera galdu gabe, baina elkarrekin urrunago joango garela jakitun izanda.
Herri hezitzailearen filosofian oinarrituta eraiki dezakegun herri estrategia honek herri konpromisoa dakar halabeharrez; heziketa prozesuen erantzule izango den komunitatea saretzea eskatzen baitu, hau da, heziketa erabat integrala eta transbertsala izanda. Tokian tokiko ezaugarrietara egokitua, gertukoa eta herriko askotariko eragile, elkarte, kolektibo, erakunde eta heziguneen lankidetzan oinarritua. Ikuspegi integrala duen eta balio hezitzaileetan oinarrituta dagoen hezkuntza eredua eta herri eredua behar ditugu, beraz, herri hezitzailea garatu ahal izateko.