Lan ildoak

Herri hezitzaileen sareko kideen behar amankomunetatik abiatuz, ondorengo lan ildoak ditugu martxan:

Haurtzaroaren kulturatik
parte-hartzea birpentsatzen

Egun modan dagoen kontzeptua da parte-hartzea. Helduekin ez ezik, haurrekin ere sustatu beharreko balioa da ezinbestez. Ordea, kontua da nola egiten dugun.

Oinherritik parte hartzea haurtzaroaren kulturatik birpentsatzen dihardugu urteetan zehar. 2023 hasieran, sei hilabeteko hasunarketa prozesu bat egin genuen parte hartzea haurtzaroaren kulturatik birpentsatzeko, eta eduki teoriko bat sortu genuen bertatik, Parte Hartuz Ikertaldearen eta Emagin Elkartearen laguntzaz. Eduki teoriko hau lurreratzeko asmoz, 2023ko azaroan esperimentazio prozesu bat hasi genuen Gipuzkoako lau herritan (Itziarren, Hernanin, Seguran eta Oiartzunen), Gipuzkoako Foru Aldundiak emandako diru-laguntza baten bitartez, eta bosna saio egin ditugu herri bakoitzean.

Orain, euskarri teorikotik zein esperimentazio prozesutik ateratako ondorioetatik, haurren parte hartze kanal iraunkorrak sortzeko tresna bat garatzen ari gara, herrietan kanalak sortzeko baliagarri eta lagungarri izango dena. Horretarako, ALHE EHUko ikerketa taldearekin zein iLAB Euskadiko Parte-hartzeko Berrikuntza gunearekin elkarlanean ari gara.

Hirigintza hezitzailea

Herriaren alderdi gogorra ere hezitzailea da. Gure herri antolamendua ez da neutroa, behar batzuei erantzuteko eraikia izan delako eta behin eraikita, balio batzuk sustatzen ditu.

Gure herriak eraikitzerako orduan, oro har, herritar tipo bati eman izan zaio lehentasuna: herritar txuri langile kotxedunaren erosotasunera eraikiak izan baitira gure herriak. Hirigintza eredu horrek, haurren eta nerabeen beharrak inolaz ere asetzen ez dituenez, hirigintzako parte hartze prozesuetan haur eta nerabeen presentzia sustatzea ezinbestekoa dela uste dugu. Gure herri antolamendua haurtzaroaren/nerabezaroaren kulturatik eraldatu ahal izateko.

Hiritik At eta Oinherrik elkarlanean garatzen dugun lan ildo honetan, herri antolamendu hezitzaileago bat modu parte-hartzailean nola eraiki dezakegun lantzen ari gara. Horretarako, “Herri Antolamendua Herri Hezitzailearen ikuspegitik” liburuxkan jaso dugu markoa, berau lurreratu ahal izateko “Lan kuadernoa” osatu dugu eta, hirigintzako herri arteko foroa sustatzen dugu, gaia elkarrekin lantzeko.

Hezkuntza Foroak

Herri Hezitzailearen filosofiaren baitan Oinherrik herriei eskaintzen dien lanerako marko eta metodologia nagusia da Hezkuntza Foroa. Hezkuntza (formala, guraso elkarteak, ez-formala, udala) elkargunea da, tokian tokikoa, herri hezitzailean eragina duten eragile nagusiekin egiten den diagnosi partekatua; erronkak identifikatu, lehentasunak adostu eta plangintza partekatu bat definitzeko elkargunea.

Su motelean jarduteko diseinatua dagoen prozesua da. Hiru hezkuntza foro proposatzen ditugu ikasturtean zehar dinamika parte hartzaileekin.  Hezkuntza Forotik aurrera eraman nahi den plangintza eta funtzionamendua definituko da, herri bakoitzaren ohitura, indar eta baliabideean arabera antolatuta.

Non gauden, nora joan nahi dugun eta nola joango garen inguruan hausnartu eta hitz egingo da aurrerantzean lankidetzan eta auzolanean aritzeko. Oinherritik dinamizazio lana eta bidelaguntza eskaintzen dugu.

Sexualitatea

Sexualitatea bera eremu erotikoan klasifikatu eta kokatu izan bada ere, eremu erotikotik haratago doa sexualitatea, berau askotariko dimentsioz zeharkaturik baitago; besteak beste,  dimentsio fisikoaz, psikologikoaz zein soziokulturalaz.

Hori horrela, eremu erotikotik atera eta, begirada irekiz, eguneroko hezitzaile jardunean sexualitatea non aurkitzen dugun identifikatu nahi dugu, identifikazio horretan, aipatu berri diren askotariko dimentsioak kontuan izanda. Behin hauek identifikatuta eta sexualitateari buruzko jakintza eta praktika kolektiboak partekatuta, hezitzaileek sexualitatea landu ahal izateko baliagarria izango den tresna bat sortzen ari gara, esku-hartze hezitzaile egoki baterako esperientzia zein bideorri desberdinak batuko dituena.

Tresna horrek eguneroko jardun hezitzailean aurkitu daitezkeen egoerak barnebilduko ditu, hezitzaileek gertuko sentitzen dituztenak. Hau da, esku-hartze sozialerako jakintza baliagarria ekoitzi nahi da, ondoren berau transferitzeko eta, honen bitartez, jardunbide egokien sistematizazioa gauzatzeko; eta ondoren, sortutako jarduera-dokumentua jendartera zabaltzeko.

Scroll to Top