Pasa den astean Bartzelonan izan ginen Educació 360 fundazioaren urteko jardunaldian. Oinherrirekin antzekotasun asko dituen egitasmoa da Kataluniako hezkuntza xarxa (sare) hau.
Yayo Herrerok bere hitzartze inspiragarrian argi azaldu zuen moduan, espazioa eta denbora dira gure bizitzak erregulatzen dituzten bi aldagai nagusiak. Aisialdi hezitzailearekin okupatzen ez ditugun espazio eta denborak, hegemoniak okupatzen ditu bere baliabide guztiekin. Eta jakin badakigu, egungo hegemonia horren atzean zer dagoen: balio sistema patriarkal, neoliberal eta arrazista oso bat.
Ondorioz, kultura, aisia, jolasa, espazio publikoa eta parte hartze aktiboa tresna ezin hobeak izan daitezke balio hezitzaileak sustatuz, ongizate eta ikaskuntzarako denbora moduan. Hori ahalbideratzeko, bost gako azpimarratu zituzten jardunaldian:
- Behar beharrezko dugu helduzentrismoa errebisatzea, haur eta nerabeei ahotsa emateko.
- Haur eta nerabeak ez dira herriaren kontsumitzaile hutsak, eraikitzaileak baizik. Ez baditugu herrien eraikuntza prozesuan kontuan hartzen, ezingo dute berauen parte aktibo izan, euren beharretara eraikiak izan ez direlako.
- Jolasa kalean sustatzeak, gure herrien hirigintza eta mugikortasun ereduak birpentsatzeko aukera ematen du eta haurren autonomia areagotzen da.
- Egungo haur eta nerabe askok aukeratu gabeko bakardadea pairatzen dute, indibidualismo gehiegi jasaten dute eta pantailak bihurtu dira euren hezitzaile. Gaixotasun hauek ordea sendagaia badute, besteak beste, elkar topatzeko eta harreman osasuntsuak eraiki ahal izateko espazio eta denborak sustatzea, edota komunitatean parte hartzeko aukerak sortzea, identitatea eta pertenentzia sentimendua garatzeko.
- Haur eta nerabeak komunitatearen parte aktibo izan daitezen, zer nolako parte hartzea sustatu behar dugun ikertu behar da beraiekin batera, ko-sorkuntzako proiektuetan. Horietako bat da IMCITIZEM egitasmoa; haurrak beraiek parte hartzea zer den eta nola gauzatu daitekeen pentsatzen jartzen dituen egitasmoa.
Opari ederra izan da kode berean hitz egiten duen jendea ezagutzea. Motxila bete ideia, ilusio eta proiektu itzuli gara Bartzelonatik. Orain, dena ondo ordenatu eta gure sarean (xarxan) elkarbanatzeari ekingo diogu.


