Eskola kiroleko foroa berriro martxan

2021eko otsailean, Zumaian, “Eskola Kirola Eraldatzen” jardunaldia burutu genuen Oinherritik, haurren kirol hastapena ikuspuntu hezitzaile eta komunitario batetik egin zitekeela mahai gaineratzeko. Hortik, eskola kirol ereduari buelta bat eman  nahi zioten herriekin foro iraunkor bat sustatu genuen. Bertan, tokian tokiko eskola kirol ereduetako esperientziak partekatu genituen eta gaiaren inguruko hausnarketa partekatua sustatu. Bertatik sortu zen Eskola Kirola Gogoeta Kolektiborako Tresna: tokian tokiko eskola kirol ereduaren inguruan hausnartzeko aukera ematen duen baliabidea.

Azken urteetako epai judizialek eskola kirol ereduaren oinarriak zalantzan jarri ditu eta, oro har, parte hartze datuen jaitsiera ekarri du. Alabaina, dena ez da ezkorra izan, aukera berriak ere zabaldu baititu. 

Guzti hori dela eta, Oinherrik herri arteko Eskola Kirol Foroa berraktibatzea erabaki du. Herriei hausnarketarako espazio bat eskaintzeko eta esperientzien elkar trukean sakontzen jarraitzeko. Lehen saioan 15 herritako Eskola Kiroleko ordezkariak batu gara eta mota honetako elkarguneen beharra azpimarratu da.

Oinherritik argi daukagu, heziketa-funtzioak ez duela protagonista esklusiborik. Izan ere, herria, bere osotasunean, hezkuntza-eragile bat da, eta ez soilik eskola-sistemaren bidez, baizik eta bere egitura sozial, kultural eta instituzional guztien bitartez. Eskola Kirola horren adibide garbia da; tresna bikaina delako haurren kirol hastapen hezigarriari modu komunitarioan forma emateko. Horretarako ordea, haurraren beharrak erdigunean jarri eta jarduera fisikoaren bidez, euskara, bizikidetza eta hezkidetza bezalako balio hezitzaileen sustapen lanari jarraipena ematen zaion eremu bilakatu behar dugu.

Beste berri batzuk

Scroll to Top