Herri hezitzaile kontzeptuak ideia sinple baina sakon bat du oinarrian: hezkuntza ez dela soilik eskolaren ardura. Herria edo komunitatea bera ere hezkuntzarako eta eraldaketa sozialerako espazio gisa ulertu daiteke. Kaleak, plazak, parkeak, aisialdi taldeak, kultur elkarteak edo kirol taldeak guztiak izan daitezke ikaskuntza, harreman eta balioen garapenerako espazio. Ikuspegi horrek herria bere osotasunean ulertzeko aukera ematen du hezkuntza-ingurune gisa, non pertsonen arteko harremanek, bizipenek eta parte-hartzeak ikaskuntza prozesuak elikatzen dituzten.
Ikuspegi horretatik, hezkuntza komunitate osoaren ardura gisa uler daiteke. Haur eta nerabeek ez dute soilik ikastetxean ikasten; herrian bizi dituzten esperientziek ere eragin handia izan dezakete beren garapen pertsonal eta sozialean. Horregatik, herri hezitzaile baten erronka nagusietako bat espazio, eragile eta praktika horiek modu kontzientean pentsatzea eta antolatzea izan liteke, hezkuntza formala, ez-formala eta informala elkarren osagarri izan daitezen. Horrek, aldi berean, tokiko hezkuntza-komunitateko eragileen arteko elkarlana indartzen lagun dezake: administrazioa, ikastetxeak, aisialdi eragileak, gizarte-erakundeak eta familiak sare berean kokatuz.
Hala ere, ikuspegi hori praktikara eramatean hainbat galdera agertzen dira. Nola eraldatu daiteke herri bateko hezkuntza errealitatea modu sistematiko eta iraunkorrean? Nola jakin zer egin daitekeen, zein norabidetan mugitu edo zein erabaki hartu? Nola eraiki daitezke narratiba edo ikuspegi berriak tokiko hezkuntza-komunitateetan? Eta nola erantzun tokiko erronkei hezkuntza-komunitateen saretzearen bidez? Are gehiago, nola ikasi dezakete udalerri desberdinek elkarrengandik, bakoitzak bere testuinguruan garatzen dituen praktikak eta esperientziak partekatuz?
Galdera horien aurrean kokatu daiteke ikerketaren ekarpena.
Tokiko hezkuntza-sareak indartzearen garrantzia
Tokiko hezkuntza-sareek aukera ematen dute hezkuntza komunitatearen beharrak eta udalerriek eskaintzen dituzten baliabideak elkarren artean garatzeko. Sare horiek ez lirateke soilik koordinaziorako egiturak izango; konfiantza, erantzukizun partekatua eta helburu komunak eraikitzeko espazio ere bihur daitezke.
Ildo horretan, hezkuntza-sare bat indartzeak herri batek bere buruari hainbat galdera egitea ekar dezake: zer hezkuntza nahi da herrian? Nola zaindu nahi dira haur, nerabe eta gazteen ongizatea eta garapena? Nola sustatu daiteke euskararen erabilera? Nola bermatu liteke inklusioa? Eta nola artikulatu daitezke eskola barruko eta eskolaz kanpoko hezkuntza espazioak?
Sare sendo batek hainbat indargune garatzeko aukera eman dezake. Lehenik, errealitatea hobeto irakurtzeko gaitasuna susta dezake, eragile bakoitzaren ikuspegia partekatzen denean herriaren irakurketa osoagoa eraiki baitaiteke. Bigarrenik, ekintza koordinatua errazten lagun dezake, eragileak helburu komun baten inguruan lerrokatuz. Hirugarrenik, ikaskuntza kolektiborako espazio bilaka daiteke, esperientziak partekatzeko, saiatzeko eta berrikuntzak elkarrekin probatzeko aukera emanez. Baina zeintzuk dira prozesu horiek esanguratsuak izateko gakoak? Nola egokitu prozesuak udalerrietako testuinguruetara?
Hemen ere ikerketak ekarpena egin dezake.
Herrien arteko ikaskuntza: zergatik da hain garrantzitsua?
Sareak ez dira udalerri baten barruan bakarrik eraikitzen. Praktikak agerian jarri du herri desberdinen arteko elkarlanak ere balio handia duela. Izan ere, herri bakoitzak bere testuingurua, bere erronkak eta bere indarguneak ditu, baina askotan galdera berberak egiten ari dira: nola sustatu euskararen erabilera? Nola erakarri parte hartzen ez duten haur, nerabe eta gazteak? Nola egin aisialdia benetan inklusiboa? Nola sendotu familien eta eragileen arteko harremana?
Herrien arteko praktika esanguratsuak ikertzea eta partekatzea funtsezkoa da bi arrazoirengatik. Alde batetik, ez duelako herri bakoitza hutsetik abiatzera behartzen. Beste leku batean probatu den zerbaitek pista baliotsuak eman ditzake. Bestetik, ikaskuntza horizontalagoa sustatzen duelako. Hau da, ezagutza ez dator soilik adituen edo kanpoko aholkularien eskutik; baizik eta udalerriak eta askotariko partaideek elkarrekin ikasteko testuinguruak garatu ditzakete.
Horrek elkarlan kultura indartu dezake. Herri batek ez duelako zertan beste baten eredua inplementatu behar, baina beste baten esperientziatik ikasi dezake, egokitu eta bere testuingurura ekarri. Eta horretan ikerketak paper erabakigarria izan dezake: praktika horiek dokumentatu, alderatu, gakoak identifikatu eta transferigarriak diren ikaskuntzak azaleratzen lagundu dezake.
Ikerketa tresna gisa, ez soilik ezagutza sortzeko
Sarritan pentsatzen da ikerketa unibertsitatearen edo akademiaren esparruan geratzen den jarduera bat dela soilik. Artikulu zientifikoak idazteko edo teoria berriak proposatzeko balio duen zerbait. Baina ikuspegi horrek ikerketaren potentzial eraldatzailea mugatzen du.
Ikerketa beste modu batera ere ulertu daiteke: errealitatea hobeto ulertzeko eta eraldatzeko tresna gisa. Hau da, komunitate batek bere praktikak aztertzeko, ikasteko eta hobetzeko erabiltzen duen tresna kolektibo gisa. Askotarikoen partaidetzaren bidez eraikitzen den zerbait.
Herri hezitzaileen testuinguruan, ikerketak hainbat ekarpen egin ditzake: tokiko errealitatea hobeto ulertzeko diagnosiak garatzea; eragileen arteko harremanak sendotzeko gakoak identifikatzea; praktika esanguratsuak dokumentatzea; eta etorkizuneko erabakiak ebidentzietan oinarrituta hartzeko tresnak eskaintzea. Horrela, hezkuntza eraldaketa intuizio hutsetik harago joan liteke, elkarrizketa eta hausnarketa kolektiboan oinarritutako prozesua bihurtzen da.
Hori bereziki garrantzitsua izan daiteke tokiko hezkuntza-sareen kasuan. Izan ere, gaur egungo erronka konplexuei (esate baterako, hizkuntza sozializazioa, inklusioa, segregazioa, ongizate emozionala edota komunitate kohesioa) ezin zaie eragile bakar batetik erantzun. Horregatik, garrantzia hartzen ari den gai bat da udalerrietako hezkuntza-komunitateak saretzea: ikastetxeak, udalak, familiak, aisialdi taldeak, kirol eragileak, kultur elkarteak eta bestelako komunitate eragileak elkarlanean jartzea.
Aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa proiektua: ikerketatik elkarlana indartzera
Testuinguru horretan kokatzen da gaur egun garatzen ari garen Aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa proiektua. Gipuzkoako Foru Aldundiak babestutako ekimena da, eta Oinherri, Udaleku eta Mondragon Unibertsitateko Humanitate eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak garatzen dute, Hernani eta Ziburutik abiatuta Euskal Herriko hainbat udalerrirekin elkarlanean.
Proiektu honetan garatzen ari den ikerketaren helburua da udalerrien arteko lankidetza-sareak indartzeko gakoak identifikatzea, aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboaren ikuspegia ardatz hartuta. Horretarako, udalerrietan diagnosiak egiteko eta etorkizuneko ekintza-planak diseinatzeko baliagarria izan litekeen adierazle-sistema bat garatzea planteatzen da.
Helburu hori lortzeko, sakoneko elkarrizketak egiten ari gara udal teknikari eta ordezkari politikoekin, aisialdi elkarteetako kideekin eta mugaz gaindiko eragileekin. Aldi berean, arlo honetan adituak diren pertsonen ekarpenekin aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboaren marko teorikoa fintzen ari gara.
Prozesu horrek aukera eman dezake adierazle-sistema partekatu bat diseinatzeko, Delphi metodologiaren bidez, jakintza praktikoa, instituzionala eta akademikoa uztartzen gabiltza, elkarrekin. Horrela, Euskal Herriko udalerrietako ordezkari politikoak, teknikariak, aisialdi hezitzaileak eta ikerlariak elkartu gara elkarlana sustatzeko espazio batean.
Hor kokatu liteke ikerketaren indar eraldatzailearen zati bat: ezagutza kolektiboa sortzea, sareak ehuntzea eta elkarlanaren baldintzak garatzen laguntzea.
Ikerketa, elkarlana eta etorkizuna
Azken batean, ikerketak herri hezitzaileen eta tokiko hezkuntza-sareen indartzean lagun dezake hainbat modutan: komunitate batek bere burua hobeto ulertzen lagunduz, eragileen arteko elkarrizketa sustatuz, praktika esanguratsuak ikusgarri eginez eta etorkizuneko ekintza-planak oinarri sendoekin diseinatzen lagunduz.
Gainera, ikerketa elkarlana legitimatzeko eta egonkortzeko lagungarri izan daiteke. Askotan badakigu elkarlana beharrezkoa dela, baina ez dugu beti argi nola antolatu, nola zaindu edo nola ebaluatu. Ikerketak horretarako tresnak eta egiturak eskaintzen lagun dezake.
Horregatik, herri hezitzaile baten eraikuntzan ikerketa ez litzateke osagarri huts gisa ulertu behar. Komunitateak lotzeko, herrien arteko ikaskuntza sustatzeko eta hezkuntza errealitatea modu partekatuago batean eraldatzeko tresna baliotsua izan daiteke.
Azken finean, herri hezitzaile bat eraikitzea ez da herri bakoitzak bere kasa egiten duen zerbait. Elkarrekin ikasten, sareak ehuntzen eta praktikak partekatzen egin daiteke bidea. Ikerketak, bide horretan, norabidea argitzen eta urratsak sendotzen lagun dezake.


