Haur aisialdia Nafar hego eta erdialdean

Izaro Elejalde Gilek idatzi du maiatzeko kolaborazioa. Agerraldiko Jolasteken arduraduna da Izaro eta Jolastekak proiektua aurkeztuz, Nafarroako erdialde eta hegoaldean haurrentzako aisialdi euskaldunak duen garrantziaz idatzi du.

Nafarroako erdialde eta hegoaldean, haurrentzako aisialdi euskaldunak arnasgune estrategikoa irekitzen du. Bertan euskaraz ikasten hazi garenok ongi badakigu, hezkuntza formala arnasgune izan dugun arren, aisialdi euskalduna aurkitzea erronka bilakatu dela.

Aisialdia euskaraz gozatzeak hizkuntza propio bilakatzen du, gure eguneroko bizitzako beste eremu  batzuetan txertatuz. Eskolak edo ikastolak ezagutza bermatu du, eta aisialdiak bizitasuna eta bestelako erabilerak ematen dizkio.

Aisialdia aske izateko, jolasteko eta ondo pasatzeko espazioa da; bertan, harreman-eredu askeak eraiki eta gozatzen ditugu. Modu honetan, hizkuntzaren erabilera eta ezagutza bermatzeaz gain,  hizkuntzarekiko lotura emozionalak sortu eta euskaraz gozatzeko ohiturak eraikitzen dira. Gainera, erregistro ez-formalaren garapena sustatzen dugu, euskaraz sozializatzeko gaitasunak gehiago zabalduz eta hizkuntza-ohitura jakin batzuk finkatuz.

Jolasteka hutsune horri erantzuteko jaio da; Ager zonaldeko haurrek euskaraz jolasteko eta harremantzeko espazio bat izan dezaten, hain zuzen ere.

Egitasmo honen bidez, haurrei aisialdi euskalduna bermatzen zaie. Hizkuntza ezagutzea ez da nahikoa; hura erabiltzeko espazioak behar-beharrezkoak dira. Haurrek hizkuntzaren erabilgarritasuna ikusi behar dute eta, era berean, euskararekiko sentimendu positiboak garatu.


Gainera, haurren arteko hizkuntza ohituretan eragiten dugu. Haurrek zein helduok hizkuntza-ohiturak garatzen ditugu ezagutzen ditugun pertsona guztiekin. Pertsona batekin hasieratik hizkuntza jakin batean erlazionatu bagara, normalean hizkuntza horretan arituko gara gehienetan.


Honetaz gain, familiekin sortu dugun sareari esker, euskara bultzatzeko beste eragile batzuen proiektuen informazioa Nafarroa erdialdeko eta hegoaldeko familiei helaraztea lortzen dugu.


Aipatu beharra dago jolasteka bat martxan jartzean, herriko hainbat eragilerekin harremanetan jartzen garela (udalak, APYMAk, eskolak, elkarteak, euskara taldeak…), eta harreman horietatik Agerralditik lagundu ditzakegun proiektu berriak sortzen direla.

Bukatzeko, eskualdeko herri askotan gero eta jende gutxiago bizi denez, lana sortuz gazteoi bertan geratzeko aukera ematen zaigu. Gainera, lan-munduan ere euskaraz aritzeko aukera dugu Jolasteketan begirale lanetan edo kudeaketan ari garenok.

Aurreko guztiagatik, esan genezake Jolasteka proiektua zonaldeko euskaldunontzat bultzada bereziki garrantzitsua dela; alde batetik, haurrei eskaintzen zaien eremu aske, euskaldun eta dibertigarriagatik, eta, bestetik, familiei edota gainontzeko euskaldunoi ematen dizkigun askotariko tresnengatik. Euskara saretzetik eraiki nahi dugu, eta horretan dabil Agerraldia: herrietan sortzen diren talde txikietatik abiatuta, Ager zonalde osora zabaltzen diren aliantzak eraikiz.

Beste kolaborazio batzuk

Eskola herritarra eta parte hartzailea

Jugatx Ormaetxe Gabilondo, Miren Odriozola Gomez eta Irati Manzisidor Urbieta maistrak, Eskola Txikien koordinazio taldea osatzen duten maistrak dira apirileko kolaboratzaileak. Eskola txikien hezkuntza ikuspegi komunitarioaz eta berau egi bihurtzeko gakoen inguruan idatzi digute.

Gehiago irakurri
Scroll to Top