Azken urteotan, haurren parte-hartzea sustatu eta horretan sakontzeko hainbat urrats eman ditugu Oinherritik. Bide horretan, G(H)AURKI sortu dugu, herrietan haurren parte-hartzerako kanal iraunkorrak garatzeko tresna. Urte hauetan metatutako esperientziak erakutsi digu kanal horietan arituko diren hezitzaileen prestakuntza funtsezkoa dela.
Horregatik, hezitzaileak formatzea eta elkarren artean saretzea ezinbestekotzat jotzen dugu. Helburu horrekin, ikasturte honetan Hezitzaileen Herri Arteko Foroak antolatu ditugu.
Bi hilabeterik behin elkartu gara, eta guztira bost foro egin ditugu: Tabakaleran, Oiartzunen, Azpeitian, Hernanin eta Asteasun.
Foro hauek aukera paregabea izan dira hezitzaileentzat elkar ezagutzeko, bizipen eta esperientziak partekatzeko, metodologia berriak ezagutzeko eta elkarrengandik ikasiz beraien proiektuak aberasteko. Horrez gain, Oinherriko bazkide sustatzaile diren hainbat elkarteren eskutik formakuntzak jasotzeko aukera ere izan dute. Besteak beste, Artaziakoop-ek eskainitako metodologia sortzaileen inguruko saioa edota Argi Begi-k bideratutako gatazken kudeaketaren inguruko formakuntza. Gainera, Pedagogia sistematikoaren inguruko formakuntza pilulak jaso edota baliabide bankua sortzeko aukera ere izan dute.
Era berean, Oiartzungo, Hernaniko eta Asteasuko haurren parte-hartze kanalak gertutik ezagutzeko aukera ere izan dute parte-hartzaileek.
Ikasturte honetako saioak amaitu dira dagoeneko, baina lanean jarraituko dugu. Datorren ikasturteari begira ere, haurren parte-hartzea indartzeko eta gai honetan sakontzeko urrats berriak ematen jarraituko dugu.





