Agur natura, ongi etorri zementua!

Agur natura, ongi etorri zementua! Espazioen birnaturalizazioaren inguruan hausnartzen.

Zementuari agur eta naturari ongi etorri esan diogu UEU-rekin batera antolatutako azken jardunaldian. Izenburuari buelta eman eta espazioak berreraikitzeari buruz, birnaturalizazioari buruz edota bidean sortutako bidelagun eta oztopoei buruz hitz egiteko eta hausnartzeko tartea izan dugu.

Clara Eslava arkitektoaren eskutik patio edo espazio baten eraldaketak bere baitan sortzen eta elkarlotzen dituen agenteen sistema anitzetan sakontzeko aukera izan genuen.

Kutxa Fundazioko Naturan Heziko programako kide diren Erkiz Miguez eta Maite Gonzalez Baso-eskolen sarea eta eskaintzen dituzten beste formakuntza eta topaketak aurkeztu zizkiguten.

Oinherriko bazkide den Hiritik-At arkitektura kooperatibako Izaskun Sotok, Oinherriren webgunean argitaratuta dagoen “Espazio hezitzaileak eraikitzeko gakoak” Moodle irekia aurkeztu zigun. Elkarlanean osatutako Moodle hau edozein espazio modu hezitzailean eraldatu nahi duten eragileei, pertsonei, kolektiboei edo taldeei eskainita dago.

Honekin batera, Lesakan eta Elizondon aurrera eramaten ari diren edo jada aurrera eraman diren proiektuen berri ere izan genuen Ladis Satrustegi, Josune Ziganda eta Zuriñe Zubillagaren eskutik. Bide seguruak eta eskola patio baten etengabeko eraldaketa proiektu bat (Kukuline) izan ziren hizpide.

Orekari arkitektura estudioko kooperatibako kide den Ioar Cabodevillak, espazio bat eraldatzeko prozesuan garrantzizkoak izan daitezkeen faktoreak mahaigaineratu zituen: komunitate osoaren hitza entzutea eta biltzea, egin nahi denaren eta egin daitekeenaren (muga ekonomikoa, baliabide falta… dela medio esaterako) artean kontzientzia hartzea…

Talde-dinamika batekin eman genion itxiera goizari. Rol jolas baten bitartez, espazio ezberdinak eraldatzeko pausoak, erronkak, egin beharrekoak… elkarrekin pentsatzen eta diseinatzen aritu ginen. Harremanak egiteko eta ideia berriak etxera eramateko aukera polita izan da beraz aurtengo jardunaldi hau.

Segi ditzagun sareak denon onurako eratzen eta elkar elikatzen!

Beste berri batzuk

Scroll to Top