Pasa den larunbatean Hernanin eman genion hasiera “Aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa elkarrekin eraikiz” proiektuari. Bertan, Euskal Herriko lurralde guztietako herriek parte hartuko dute eta Uda Leku eta HUHEZirekin elkarlanean gauzatuko dugu proiektua, Gipuzkoako Foru Aldundiko IDEIAK dirulaguntzari esker. Parte hartuko duten herriak ondorengoak dia: Hernani, Ziburu, Lesaka, Lekeitio, Agurain, Sopela, Markina, Errenteria eta Oarsoaldeako mankomunitatea.
Egitasmo honen helburua herri bakoitzean eskaintzen den aisia eskaintza zein neurritan den hezitzailea, euskalduna eta inklusiboa identifikatzeaz gain, esparru horietan aurrerapausoak emateko ekintza plana gauzatzea izango da. Horretarako, marko teorikoa eta adierazle sistema sortu ditugu, non aisia hezitzailearen gakoak landu ditugun: besteak beste, haurtzaroaren eta nerabezaroaren kultura, parte hartzea, ingurumena, kultur aisia, komunitatea, euskalduntasuna eta inklusioa.
Esan bezala, proiektuan parte hartuko duten herriek tokian tokiko aisiaren inguruko azterketa egingo dute, eta hori sare mailako lanketa eginez lantzea ahlbidetuko die egitasmo honek. Modu horretan, gaiaren nazio ikuspegia lantzeko aukera izango dugu, hala nola, aisiaren inguruan Euskal Herrri mailan egun ditugun kezka amankomunak identifikatzeko eta horiei aterabidea ematen saiatzeko. Gainera, herrietako esperientziak eta praktika onak ezagutu eta elkarrengandik ikastea ahlbidetuko duen prozesua izateko egitasmoa diseinatu dugu.
Horrez gain, mugaz gaindiko sare mailako lanketaren metodologia ikertuko dugu, kezka antzekoak ditugun arloak elkarrekin landu ahal izateko modua sistematizatzeko.
Egitasmo honeo sei hilabeteko iraupena izango du, eta ekainaren 6an, Ziburun, egingo ditugun Topaketetan partekatuko ditugu emaitzak eta esperientziak. Beraz, gorde data, Euskal Herriko aisia hezitzailearen elkargunean ikusi nahi zaitugu eta!


