Bizipoz bila

Nerea Godoy Bizipozako kidea eta hezitzailea da ekaineko Oinherriren kolaboratzailea. Bizipoza zer den eta munduan duen lekuaz idatzi digu, ertzetan kokatuta egoteaz eta erdigunea okupatzeaz.

Bizipozaren begia, borobil beltza da. Borobila da, mundua borobil irudikatzen dugulako, ertzik gabea. Eta beltza da, kolore guztiek elkar besarkatzen dutenean sortzen delako. Halaber, bizipoza besarkada da, aniztasuna inguratzen baitu bere, zure, gure besoekin. Besoekin inguratuz, eskutik helduz, begietatik begietara, ahotik belarrietara eta batez ere, bihotzetik bihotzera helarazten dugu, emanez eta jasoz. Bizipoza ez da muga, hesi, txarrantxa edo tabu, da enpatia, elkartasun, jakinmin eta sormen. Bizipoza da marrubizko izozkia, txokolatezko muxua, banillazko begirada konplizea, mentazko algara eta limoizko malkoa. Izan ere, bizipoza zu zara, ni naiz eta batez ere, gu gara. Bizipoza ametsa da, norberak beretik emanez, denona eta denontzat egiten duena, magia dirudi, baina elkartasuna da. Bizipoza da munduan dugun lekua, justizia soziala, aldarrikapena, eskubidea, komunikazioa eta umorea.

Baina, zein da bizipozak munduan duen lekua? Non dago bizipoza? Ez da mapetan agertzen. Ertzak borobiltzen dihardu eta pertsonak erdigunean jartzea da bere helburua. Hortaz, hara eta hona dabil, lekurik ez dutenen lekua aldarrikatuz; zenbat eta jende gehiago, orduan eta gehiago kabitzen baita. Familia guztietan aurkituko duzu, txiki zein handi. Neska nahiz mutil, edo ez bata ez bestea, alua edo zakila, auskalo! Hantxe da bizipoza, Txina, Vietnam, Congo, Yemen edo hemen jaiotako seme-alaba eta euren senideengan. Harrerarik beroenak egiten diren etxeetan, bi etxe dituztenen aterpe goxoan eta jaio eta gutxira azken arnasa eman zuten horien saminean. Ondo maite duen magaletik, munduaren zabalera. 

Ahal eta ezin: sentitu, pentsatu eta ekin. Kolore desberdineko kaleko baldosak zapaltzea saihestuz eta izozkiarekin mihi punta izoztuz jolasten direnak ere badaude. Desberdinak, ez zu eta ni bezalakoak, beste era batekoak baizik. Denok garelako bakarrak, gure ezin eta gure dohainak ditugulako, ibileran, komunikatzean, harremanetan eta abarrean. Laguntza eskatzeari esker eman dezakegu, eta emateari esker, jaso. Aurkituko duzu gure komunikatzeko tabletetan, piktogrametan eta eskuz egindako zeinuetan. Gurpil aulki, ibilgailu eta zabu egokituetan. Kirolean, aisian eta bosteko eta txalo artean amaitzen diren txapelketetan, kiroltasuna garaile den gorrotorik gabeko lehia bizian. Bakoitzaren berezitasunetan bilatuta aurki daiteke, eta horren desberdinak ez garela ohartuko zara. Gure beharren artean, badelako bat denok berdintzen gaituena: ikusia eta maitatua izatea. 

Denok gaixotzen gara tarteka, baina gaixotasun batzuk beste batzuk baino larriagoak dira. Gaixotasuna ez da ahultasuna, baina ez iezaguzue kapa bat jantzi eta “super” deitu. Gu geu gara, bakoitza, norbera. Eta gaixotasuna dut, ez naiz gaixoa ez gaixotasuna. Gaixotzea ez dugu aukeratzen, egokitu egiten zaigu eta horrekin bizitzea dagokigu. Bizi min edo min bizi, diabetes, fibrosi kistiko, sortzetiko kardiopatia, esklerosi anizkoitz eta abar. Bizipozak ulertzen du minez eta heriotzaz, noski, umorea ez delako barre algara soila. Negar zotinean, intzirian, hasperenean eta oihurik sakonenean ere badago. Berri onen osteko ospakizunetan, ipurdia agerian uzten duten pijamekin jolastean eta lagun bihurtutako logela kideengan. Beilatokiko irteeran, etxean jasotako zaintza aringarrietan eta joan ziren horiekin pilatutako oroitzapenetan. Behin eta berriro errepikatzeko moduko hiru hitz hauetan: hil arte bizi! 

Arrazoi asko egon daitezke Euskal Herrira bizitzera etortzeko, batzuk besteak baino samurragoak dira. Gerratik edo gosetik ihesi, aukera berri baten bila, maitasunak zein kulturak erakarrita… woloferaz “teranga herria” izan nahiko genuke, kanpotik datozenak beso zabalik hartzen dituen herria, alegia. Ez horma, ez harresi, ez debeku, ez zigor… zergatik? Zertarako? Euskaran aurkituko duzu bizipoza, hizkuntza ikasten ari den horren lehen hitz trabatuetan, herrian harrera prestatzen dutenen kantuetan, Aita Mariren erreskateetan, Bidasoa zeharkatzen duen zubiaren pausu askeetan, kulturartekotasunean. 

Borobilean elkartzen gara bizipozaz mintzatzeko, elkarri begietara begira, elkar entzunez eta elkarri hitza emanez. Egun, Euskal Herriko 38 elkartek osatzen dugu Bizipoza elkartea, elkarrekin eta elkarrentzat. Munduak guztiontzat beharko lukeelako, zu ere, BIZIPOZA!

Beste kolaborazio batzuk

Haizearen hotsak eta haurtzaroko isiltasunak

Kolaborazio berri honetan, Irati Andoño Erdozainek azaltzen digu haurrak ingurunearekin harreman afektiboak garatzen dituzten subjektuak direla, ez soilik ingurunetik mugitzen diren gorputz hutsak. Irati espazioak eta haurren esperientziek duten loturan aditua da eta naturan oinarritutako hezkuntza programetan aritzen da. Berak, haurra eta naturaren arteko harremanak sustatzeko helduok dauzkagun tresna nagusiak isiltasuna eta kontenplazioa direla aldarrikatzen du.

Gehiago irakurri
Scroll to Top