Haurren ahotsetatik oraina eraikiz

Garazi Ormazabal Arizkorretak, Euskal Herriko Unibertsitateko Hezkuntza, Filosofia eta Antropologia fakultateko Didaktika eta Eskola Antolakuntza Saileko irakaslea eta ikerlariak hezkuntzan haurren parte hartzea sustatzeak duen garrantziaz idatzi digu otsaileko kolaborazioan.

Parte-hartzea eskubide, prozesu zein jarrera izateaz gain, harremanak eraikitzeko eta komunitatea antolatzeko modua da. Horrek ondorioz, jendartean modu aktiboan egotea eta inplikatzea dakar. Hau da, gizarteko kideekin batzea, saretzea, ekarpenak egitea, konpromisoak hartzea, elkarri eragitea, eraikitzea eta eraldatzea. Hau esanik hortaz, parte-hartzea pertenentzia sentimenduarekin erabat loturik dagoela esan dezakegu. Izan ere, nola parte hartu liteke partaide izan gabe? Eta nola izan liteke partaide, parte hartu gabe?

Garen horretatik norberak zer eskainia duela sentitzean eta hura partekatzean partaide izatera heltzen gara. Hortaz, parte-hartzea, errepresentaziozko prozesu lausotu baten bidez, gure iritzia adierazteaz, bozka egiteaz edota gutxi batzuen izenean gure pentsamenduak aditzera emateaz haratago doa.

Gizarte-bizitzan parte-hartzea haurren eskubideetako bat den arren, praktikan, honakoa mugatuta dagoela esan dezakegu. Eta ez soilik, parte hartzeko eskubidea debekaturik dutelako, baizik eta beren gaitasunarekiko eta eskumenarekiko mesfidantzak, askatasunean jardutea eragozten dietelako. Hortaz, behinik-behin haurren parte-hartzearen arazo nagusiena, haurrekiko dugun begiradan dagoela ondoriozta dezakegu. Betaurreko horietatik begiratuz gero, haurrek ezin baitute osotasun horren parte izan edota sentitu. Hori horrela dela medio, paradigma berriak, haurraren inguruko begirada aldatzea eskatzen du, haurrak harreman-izaki gisa ulertzeaz gain, beren egunerokoaren eginkizuna hartzeko aukera duela adituz eta hura eskainiz.

Haurren ekintza-gaitasuna testuinguru sozialetan eratzen eta beste belaunaldietako kideekin negoziatzen dela aintzat hartuz, helduok zeregin handia dugu jardute honetan. Freirek adierazten duen bezala “haurrek erabakitzeko eskubidea bermatuta eduki behar dute, eta hori, erabakiz baino ez da egiten”. Honek ez du haurrari ahotsa ematearekin zerikusirik, haurrek ez baitute behar helduok ahotsa ematerik. Haurrek jadanik ahotsa baitute, bai eta hau adierazteko beharra ere. Ikaskuntza helduongan dago. Beren ahotsa zein iritzia entzuten eta hau balioan jartzen ikasi behar baitugu.

Egun badira pedagogo Brasildarraren hitzak beren jardunbide egin eta haurren parte-hartzea bultzatzera ausartu direnik, sormena lekukotzat harturik, haurren ahotsa zein erabakia beren eguneroko jardunaren erdigunean ezarri dutenik.  Gure auzoen zein herrien bizi-eragile diren eskolez ari natzaizue. Gure herri txiki honetan ugariak baitira haurren ahotsak entzuten zein baliotzen dituzten eskolak. Beren egunak haurren parte-hartzetik abiarazten dituzten eskolak.

Eskola hauetan haurra ez da etorkizuneko heldu gisa aditzen, oraineko harreman-izaki eskubidedun bezala baizik. Bere jakinminak eta kezkak izateaz gain, eskolan horiek asetzeko aukera anitzak aurkitzen ditu. Jakinminen asetze horretan, haurren galderek jada ez dute erantzun bakarrik, galdera bera modu ezberdinetan erantzun daitekeela ulertarazten baitzaie haurrei. Horrez gain, akatsa eta gatazka ikaskuntza prozesuaren gako baliotsu bilakatzen dira. Horiek gabe, ez baitago egindakoaz hausnartzeko zein aukera berriak irudikatzeko aukerarik; eta ondorioz, aurrera egiterik.

Bestetik, gizarteko kide garen honetan, hezkuntza komunitatea osatzen duten adin ezberdinetako pertsonekin harremanak eraikiz eta komunitateko erabakietan esku hartuz, haurrek ikaskuntza aberatsak eskuratzen dituzte. Harreman-kate horretan saretuz, guztien artean komunitate sendoak eraikitzen dituztelarik. Pentsamendu-kritikoa ere eguneroko hizpide bilakatzen da, gizarte justuago zein parekideago bat eskuratu nahi izanez gero, egungo jendartearen baitako ezberdintasunak mahaigainean ezartzea eta hauen inguruko kontzientzia garatzea ezinbestekoa baita. Eta hori guztia nola ez, gizarte, kultura, erlijio, ekonomia, genero, familia zein gaitasun anitzak onartzen dituen eskola publiko batetik.

Ikas esperientzia honetan, parte-hartzeak berebiziko garrantzia hartzen du, haurra bere ikaskuntza prozesuaren zein eskola egunerokoaren eragile zein eraikitzaile bihurtzen baita. Ondorioz, honengatik guztiagatik da garrantzitsua parte-hartzea. Eta horrexegatik, haurtzaroan bere lekua izan beharko luke horrek. Une horretan sortzen ari baitira, mundu berri baten asmatzaileak, sortzaileak, ameslariak zein pentsalariak.

Beste kolaborazio batzuk

Kirola hezkuntza tresna gisa

Kolaborazio berri hau Eneko Irastorza Escuderok idatzi du. Kukulaisi Aisialdirako Topagunearen barruan dagoen Kirol(h)ariak lan-lerroaren arduraduna da, baita Entrenatzen egitasmoaren koordinatzailea ere. Gaurkoan kirola hezkuntza-tresna gisa ulertzeari buruz idatzi du.

Gehiago irakurri
Scroll to Top