Herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik

Izaskun Soto Lopez eta Ander Zangitu Orbearen arteko solasaldiak kolaborazioen atalari jarraipena eman dio. Hiritik Ateko kideekin “Herri Antolamendua Herri Hezitzailearen ikuspegitik” liburuxka argitaratu genuen, eta honakoan herrien eraikuntzan hiri ereduaz hitz egin digute:

    – Behin bizilagunak komentatu zidan “Herri Antolamendua Herri Hezitzailearen ikuspegitik” liburuxkak begirada zabaldu ziola. Nondik dator Oinherri eta Hiritik Aten arteko elkarlana? Nola uztartzen dira bi arlo horren ezberdin?

    + 2021ean hasi zen Hiritik At eta Oinherriren arteko elkarlana, hirigintza hezitzailearen ikuspuntua lantzeko ilusio eta asmoarekin. Horri jarraipena emanez liburuxka argitaratu genuen. Izan ere, hezkuntza eta hirigintza, lehen begirada batean elkarrengandik urrun egon daitezkeen bi lan-arlo izan arren, oso gertu daude. Bi egiteko modu ezberdin bezala ikusten badira ere, elkartu eta elkarrekin herriak antolatzeko modu bat da. 

    – Auzo, herri edo hiri bateko hirigintza ereduak eta hezkuntzak biztanleen egunerokoan eragina duela ukaezina da. Espazioek, eraikinek, egiturek… badute zer esana pertsonen heziketan. Haurrentzako parkeak edo herriko beste espazioak esate baterako, hauen beharretara egokituak al daude?

    + Ba zoritxarrez ez, gure herrietako parke, plaza, kale edo eskolako jolastokiek ez dituzte hauen beharrak asetzen. Orain arte jorratu den hirigintza ereduak, orokorrean, pertsona eredu hegemonikoari erantzuten dio. Hau da, gizon, zuri, burges eta heteroari. Eta, pertsonen beharren gainetik ezartzen dira interes ekonomikoak.

    – Zer egin dezakegu egoera honen aurrean? Nola eraiki genezake hirigintza eredu hezitzaileagoa? Nire amari azaltzeko moduan, askotan diskurtso konplikatuak eraikitzen ditugu eta…

    + Sinplea eta konplexua da. Kar-kar-kar. Uste dugu ez daukagula zeresanik hirigintza moduko gai tekniko batean baina gure egunerokotasunean hirigintza arloan hartutako erabakiak bizi ditugu. Beraz, bizipenetatik asko dakigu gai honen inguruan eta hortik planteamenduak egin daitezke. Espazioa bizi duten gorputz guztien beharrak erdigunera ekarri behar ditugu.

    – Haurrak jarri dituzu erdigunean.  Hau soilik haurrekin gertatzen da?

    + Hezitzailea izatearen kontzeptua ez da soilik haurrena. Jaiotzetik hil arte bizi ditugu espazioak, eta espazio horiek gure bizitza prozesuan zaindu, lagundu… behar gaituzte.  Horretarako, jolastokietako edo parkeetako esku-hartze isolatuetatik salto egin, eta gure herrien ereduen inguruan hitz egin behar dugu. Ikuskera eta ahots berriekin, hirigintza modu hezitzailean elkarrekin diseinatuz leku aproposagoak eta atseginagoak eraikiko ditugu.

    – Eta nola egingo dugu hau?

    + Egia esan bagabiltza horretan. Gure herrietako herri ereduan hausnartzen, espazio publikoak eraldatzen, haurren ahotsa auzo planetan protagonista bilakatzen edota HAPO-etako parte-hartze prozesuetan denon ahotsa bermatzen. Bidea egitea da kontua.

    – Eta kontatu didazuna kontuan hartuta, zelan irudikatzen duzu zure herriaren etorkizuna? Nola eraikiko zenuke?

    + Guztion beharrak eta desirak aintzat hartuko dituen herri bat irudikatzen dut. Herriko haur, gazte, nerabe, heldu, marika, bollera edota iritsi berrien ahotsa oinarri izango duena. Gure egunerokotasunean lagunduko gaituen, eta komunitatea zainduko, herri kohesionatua bermatuko, natur-guneak babestuko…dituen herria.

    Beste kolaborazio batzuk

    Scroll to Top