Gizakia joan-etorrian dabil. Etengabean. Egunero-egunero, milaka lagun erbesteratzen da, atzean utziz sorleku izan duen herrialdea, dela ihesi doalako, dela ustez hobeak diren aukera berrien bila doalako, dela lan arrazoiak tarteko, edo, zergatik ez, maitasunak gidatu dituelako. Nire hizkuntzak etorkinekin harremanetan jarri nau. “Nire hizkuntzak” diot oso garbi izan dudalako beti euskaraz eta euskaragatik egin nahi dudala lan. Gaur egun, euskara irakasten diet ume etorkinei, eta arduratzen naute eurek zein euskarak.
Hasieran aipatutako lekualdatze horiek eragin zuzena izaten dute Hezkuntza-sisteman, kontuan hartu behar direnak. Hala dio UNESCOk 2019an egin zuen Global Education Monitoring Report txostenean. Gai horrek mundu guztiko herrialdeetan sortzen dituen arazoak aztertzeko helburuarekin egindako txostena da. Bertan jasotzen denez, legeek eta politikek ez dituzte ume etorkinekiko dituzten betebeharrak errespetatzen. Eta azpimarratzen du migratzaileak, errefuxiatuak eta barne-mugimenduetako pertsonak munduko biztanle zaurgarrienen taldekoak direla. Hizkuntzarengan jartzen du arreta: “Hizkuntza ez menderatzea hezkuntza-desabantaila bat da, sozializazioa zailtzen duelako, baita harremanak eraikitzea eta zerbaiten parte zarela sentitzea ere. Bazterketa egoerak sortzeko arriskua ekar lezake”.
Biztanle zaurgarriak, hezkuntza eta hizkuntza aipatzen ditu. Irtenbide bat izan daiteke etorkinei ikastetxeetan harrera nola egin behar zaien. Horretan datza zailtasunak gureaz ez ezik, beste herrialdeetan ere, eta bakoitzak bere erara heltzen dio gaiari. Urteak dira, asko, kontzeptu teorikoak ezarri nahian dabiltzala, eta gaur, oraindik ere, nahasmen handia dagoela esango nuke. Dena den, oro har, inklusioa da hezkuntza arloan nagusi den teoria. Alderdi pedagogikotik, humanotik, inklusioak pertsona du ardatz, bere sentimenduekin, bere egoerarekin, bere ahulgune eta indargune guztiekin.
Gure errealitatera etorrita. Hezkuntza, azken batean, gizartearen isla izaten da, eta gure gizartean badakigu hiru kultura badirela; eta hiru hizkuntza: bi ofizialak, hegemonikoak, “guztionak”; bestea, EAEn eskolako hizkuntza dena, koofiziala, ez hegemonikoa. Eta mendeetako gatazka. Hezkuntza arloko eztabaidetan hitz eginda integrazioaz, hitz egin da multikuturalismoaz, eta, orain, kulturartekotasunaz hitz egiten da. Carlos Gimenez da, Gizarte Antropologian Katedratikoa berau, kulturartekotasuna aztertzen dabilen ikerlarietako bat, horren aldeko jarrera argia erakusten duena. 1989tik gai honen gainean egin dituen lanen laburpen bat osatu zuen El interculturalismo: propuesta conceptual y aplicaciones practicas lanean, eta bi ideia nabarmenduko nituzke lan horretatik. Bata, multikulturalitatearen eta kulturartekotasunaren arteko aldea azaltzen duena. Bestea, kulturartekotasuna lortzeko gakoa ematen duena.
Lehenengoari buruz dio multikulturalitateak “etnia-identitate guztiak eskubide eta aitortza berdintasunean bizitzea” esan nahi duela, eta hori “asko” dela. Baina helburua horri kulturartekotasuna gehitzea izan behar duela, “non etnia talde guztiak bizikide diren eta elkarrekin erlazionatzen diren”. —erlazionatzea bada Harluxetek dioen bezala “Izaki, gertaera edo ekintzen artean dagoen lotura edo zerikusia”, loturetako batek behintzat euskarak izan behar du gurean—.
Eta xede hori lortzeko ardura hezkuntzari ezezik, gizarte guztiari eransten dio -Heziberri 2020 Planak egiten duen bezala-.
Kulturartekotasunaren heziketa guztientzako den mugimendu pedagogiko gisa ulertzen dugu, ez emigratzaileentzako eta gutxiengo etnikoentzako bakarrik egindako hezkuntza-proposamen modura; gizarte osoarentzat da (1993an hasitako bidea). Gutxiengo horientzako soilik baldin bada, porrot itzela izango da. Kulturartekotasuna, kultura-aniztasuna kudeatzeko eredu gisa, gizarte osoa aintzat hartuz aldarrikatu behar da. Beraz, Kulturartekotasuna ez da etorkinen edo etorkinentzako gaia, edo gutxiengoena. Zentzurik badu hitz horrek, gizarte osoa kontuan hartuta du.
Biztanle zaurgarriak, hezkuntza, hizkuntza eta gizartea, beraz. Aurreko guztia irakurri baduzu, esango dizut nik, irakasle gisa, sentitzen dudala euskara erakusteko zerbait gehiago egin dezakegula; herritar gisa, sentitzen dudala gure ardura dela etorkinak gizarteratzeko bideak jorratzea; eta euskaldun gisa, ezin dugula onartu urteak pasatzea aurreko bi sentipenak betetzeko; are gutxiago gaztetxoekin, eskolak euskaraz jaso behar dituztenean. Uste dut Hezkuntzak erantzun behar diola horri, baina ongi definitutako Hezkuntzatik eta definizoa Oinherrik ematen du: “Hezkuntza, eskolaz eta familiaz haratago, herriko eragileen arteko ardura konpartitu moduan ulertzen dugu: tokiko udalek, hezkuntza formal zein ez formaleko eragileek eta herrigintzakoek partekatzen dugun ardura, hain zuzen ere”. Bestela, ez dugu lortuko.