Naturan Hezteko prest al gaude?

Maialen Sistiaga Povedak idatzi du urteko azken kolaborazioa. Hezkuntza fakultateko zientzien didaktikako irakasle eta ikertzailea da eta naturan hezteaz idatzi du.

Aire zabaleko hezkuntzak berezko tokia bereganatu du euskal curriculum berrietan. Haur Hezkuntzako 75/2023 dekretuak eguneroko jardueretan kanpo-esparruak erabiltzea eta naturarekin harreman zuzena sustatzea ezartzen du, eta antzeko norabidean doaz EAEko 77/2023 eta Nafarroako 67/2022 dekretuak ere. Hala ere, araudia aurreratuago dago praktika errealak baino. Izan ere, egunerokoan aire zabaleko espazioak erabiltzen dituzten ikastetxeen kopurua txikia da eta erabilera maiztasuna handitzeko irakasleek azaleratzen dituzten zailtasunen artean, bat da nabarmentzekoa: formakuntza eta babes instituzional falta.

Ikerketek argi erakutsi dute naturan oinarritutako pedagogian trebatu diren irakasleek konfiantza handiagoa dutela eta aire zabaleko proposamenak maizago txertatzen dituztela. Hala ere, gaur egungo prestakuntza-sistemak ez du behar hori asetzen. EHUko Gipuzkoako campusean, esaterako, Haur Hezkuntzako graduan hirugarren mailara arte ez da aire zabaleko prestakuntzarik jasotzen, eta orduan ere lauhileko bakarrera eta zientzietako irakasgaietara mugatzen da. Lehen Hezkuntzako graduan kanpo-espazioan oinarritutako proposamenak irakasgai gehiagotan txertatzen diren arren, jarduerak sakabanatuta eta modu puntualean planteatzen dira, eta hori ez da bateragarria naturan hezteko pedagogiek partekatzen dituzten oinarrizko elementuekin.  Izan ere, naturan hezteak ez du soilik espazio aldaketa eskatzen: naturaren ezagutzan sakontzea, haurren autonomia eta jolas librea hezkuntzaren erdigunean jartzea, irakaslearen rola eraldatzea, arriskuak kudeatzeko gaitasuna lantzea, naturarekiko lotura afektiboa elikatzea eta ikaskuntza proposamenak curriculumean uztartzea dira beharrezko oinarriak. Horiek guztiek formakuntza sistematikoa eskatzen dute; eta gaur-gaurkoz, formakuntza hori ez dago bermatuta gradu mailan. Horren aurrean, gero eta irakasle gehiagok formakuntza pribatura jotzen dute (Bosquescuela, InNatura, María Mayorga, etab.). Sistema honek desoreka sortzen du, baliabideak dituzten ikastetxeek bakarrik dute prestakuntza jasotzeko aukera, eta askotan norbanako batzuen motibazioaren esku geratzen da proiektu oso baten ardura. Ondorioz, irakasleak nekatzen dira, babesik gabe senti daitezke, eta proiektuak eten egiten dira.

Euskal Herrian, naturan hezten duten bi praktika komunitate handi saretu dira azken urteotan: Eskola Urmaelen Sarea eta Basoeskolen Sarea. Lehenak 50 ikastetxe baino gehiago biltzen ditu, eskolen jolastokietan eraikitako urmaelak ikerketa eta hezkuntza gune bihurtuz; bigarrenak, berriz, 40 ikastetxe baino gehiago lotzen ditu, astean behin hurbileko basoak bisitatzen dituztenak. Bi sareek laguntza integrala eskaintzen dute: ingurunea egokitzea, irakasleen formakuntza, aholkularitza eta esperientzien trukea. Honela, sare hauen bidez irakasleen bakardade pedagogiko sentsazioa arindu egiten da baina sareak osatzen dituzten irakasleen artean, formakuntza beharra oraindik ere handia da.

Horregatik guztiagatik, formakuntza gehiago eta hobea behar da, Hezkuntzako fakultateetatik hasita, doakoa, eskuragarria eta instituzio publikoek babestua. Horrek aukera emango luke aire zabaleko hezkuntza ez dadin natur zientzietako irakasleen kontu isolatu bat izan, baizik eta arlo eta espezialitate guztietara zabaltzen den praktika pedagogiko partekatua. Naturan heztea ez baita soilik zientzien kontua: hizkuntzak, gorputz-adierazpena, artea, matematika, gizarte-zientziak eta balioen hezkuntza modu eraldatzailean landu daitezke kanpo-inguruneetan. Bigarren zutabea, berriz, babes instituzional sendoagoa litzateke: naturan lan egiten duten eskoletan ratioak txikitzea, irakasleen lan-kargak egokitzea, ordutegi malguagoa bermatzea eta aire zabaleko hezkuntzaren balioa eskolen proiektuetan modu eraginkorrean txertatzea. Baina aire zabaleko hezkuntza komunitate osoaren kultura eta ardura partekatua bihurtu dadin, gizarteko bestelako eragileekin sare-lana ezinbestekoa da: ingurumen hezitzaileekin, kirol egokiturako elkarteekin (Kemen, IbilkiBidaiak…), unibertsitatearekin, goi-mailako zikloekin eta familia komunitateekin. Soilik horrelako ekosistema komunitario baten bidez lortuko baita hezkuntza berriro ere naturarekin konektatzea.

Beste kolaborazio batzuk

Non bizi dira gure emozioak?

Donna Apellaniz Nieto da azaroko kolaboratzailea. Bera Terapeuta Emozional Sistemikoa da eta adimen emozionaleko eta hezkuntzako prestatzaile gisa lan egiten dut “Educando La Emoción” proiektuan.

Gehiago irakurri
Scroll to Top