Konturatu gabe 5 urteko ilobari gazteleraz hitz egiten diodanean hauxe dio: tata Asma; ez, euskaraz!
Asmae Ourdi El Alaoui soziologoa dugu urriko kolaboratzailea. Intersekzionalitatetik komunitatearen eraldaketa bilatzen duen Garena elkarteko kidea da bera eta pertsona arrazializatuen eta euskararen arteko harremanaz idatzi digu.
Kontua ez da euskaraz hitz egin edo bizi nahi ez duela, edo euskaraz jardutea gustuko ez duela, ezta beste hizkuntza batzuk lehenesten dituenik ere, orain arte, euskaraz hitz egiteko aukera gutxi izan dituela baizik.
Esan gabe doa, pertsona arrazializatuek euskaraz hitz egiteko dituzten ohiturekin lotutako aurreiritzi ugari existitzen direla; besteak beste, euskara menderatzen ez dutela, gai izango ote diren euskaraz hitz egiteko, ez diotela hizkuntzari behar bezain garrantzirik ematen edo euskara ikasi nahi ez dutela. Hori guztiaren ondorioz, nire ilobak, 5 urteekin, bere inguruan euskaraz aritzea zailegia dela ikasi du, gehienetan, bere tankeragatik berarekin elkar trukatzen diren lehenengo hitzak gaztelaniaz baitira. Hortaz, umearen euskaraz bizitzeko izan beharko lukeen konfiantza eta askatasuna murriztu eta mugatu egin da euskaraz hitz egiteko dituen saiakerekin batera. Nirekin arnasgune bat topatu du, non epaitua sentitu gabe euskara erabiltzeko ausardia eta askatasuna duen.
Zoritxarrez, aurreko lerroetan aipatutakoa ez da kasu puntuala edo soilik umeekin gertatzen den kontua; nire bizitza osoan zehar nik neuk jasan behar izan ditut mota horietako egoerak, alegia, nire itxuragatik gazteleraz hitz egiten didate “¡Ah! ¿Sabes euskera?” nigan euskaraz zuzentzeko aldarrikapena egin arren, behin eta berriro.
Mota horietako esperientziek errealitatea pentsatzen duguna baino gordinagoa dela agerian uzten dute: batetik, jarrera edo pentsaera kolonial eta arrazistak barneratuta ditugulako, eta, bestetik, erasotua sentitu gabe egoera horiek gertatzen direla onartzeko gai ez garelako. Izan ere, txuria ez den gorputz baten parean gaudela, era indibidualean zein kolektiboan normalizatuta dauzkagun arau sozialen mekanismoak martxan jartzen ditugu. Beraz, estereotipo arrazistak oinarri izanik, pertsona arrazializatuak ezaugarri eta jokamolde txarrekin lotzen ditugu; hain zuzen ere, gertatzen ari den hizkuntza bazterkeriaren erakusgarri.
Adibide gisa, gaur egun eskola publikoetan gertatzen ari den egoera aipatu nahiko nuke, non aurreiritziak eta estigmak direla eta, aniztasuna mehatxutzat hartu eta kalitate gabeko hezkuntzarekin zuzen-zuzenean lotzen den. Ondorioz, arrazializatutako haurtzaroa bereizkerian oinarritutako tratua jasotzen du eta baztertua izan ohi da.
Gauzak horrela, arrazializatua den pertsona ororekin kontaktua izaten denean gauza bera gertatzen da; ez du axola umeak, nerabeak, unibertsitateko ikasleak edo lan munduko profesionalekin aritzen garen, izan ere, euskaratik gaztelaniara hizkuntza aldaketa automatikoa egiten da; pertsona horrek euskaraz hitz egiteko duen eskubidearen aldarria egin arren.
Edozein modutan ere, xedea ez da errudunak izendatzea: kontua da harremanetan jartzean euskararen erabilpenarekiko dugun eskubideaz edozein baliatu ahal izatea. Argi dago, zein hizkuntzatan komunikatzen garen guk geuk erabakitzen dugula, baina, aintzat hartu behar ditugu beste kolektibo batzuetako pertsonak: arrazializatuak, migratuak, ijitoak… denok mundu zoro honen partaide baikara.
Hortaz, euskara zaindu, babestu eta benetan sustatu nahi badugu, ezinbestekoa da geure portaeren inguruko hausnarketa sakona egitea eta gure hizkuntza ohiturak aldatzea; euskararen bizi iraupenean egunero hartzen ditugun erabakiek eragin zuzena baitute.
Azkenik, euskaraz hezitzen ari diren helduei mezu bat helarazi nahiko nieke: seme-alabekin euskaraz jarduten bazarete, arrazializatutako haurtzaroarekin gauza bera egin ezazue, mesedez.


