Azkenaldi luzean, badira hainbat ikastetxe beren jolastokia eraldatzeko beharra ikusi dutenak. Izan ere, joerak, materialak, helburu pedagogikoak eta abar aldakorrak diren heinean, jolaserako espazioak ere hala behar luke.
Oinherriko zenbait bazkide sustatzaile hortan jarduten dira, besteak beste: ikastetxe, nahiz herriei beren jolastokia, parkea nahiz topaketarako espazioa fisikoki eta metodologikoki eraldatzeko prozesuetan laguntzen.
Kasu honetan, Lantziego Ikastolatik jaso genuen deia eta Hirit Atek eta Oinherrik hartu dugu prozesua bideratzeko ardura.
Hori horrela, urrian eman diogu hasiera eraldaketa prozesuari. Lehenik eta behin, ikasleek jolastokiaz egiten duten erabilera aztertu genuen: espazioak, materialak, jolasteko moduak, hizkuntza, genero banaketak eta elkarketak…
Bigarrenik, klaustroarekin izan genuen bilera zein helburu nagusi landu nahi zituzten erabakitzeko. Azkenik, bilera irekia egin genuen guraso, irakasle eta herritarrekin (izan ere, jolastokia herriko espazio ere bihurtzen da eskola orduz kanpo). Azken bilera honetan, prozesua azaltzeaz gain, naturarekin jolasteak eta askatasunez jolasteak dituen onurez jardun ginen, baina hirigintza aldetik espazioa nola antolatzen den azaldu ere. Horrez gain, klaustroarekin erabakitako helburu horiei zenbait lehentasunezko ekintza jasotzeko ariketa egin genuen.
Espazioaren antolaketan erabiltzen duten guztien iritzia jasotzea ezinbestekoa ikusten dugu zaintzailea eta erabiltzailearen arteko bizikidetza eman dadin.





