Zer eman digu ikasturteak?

2024-2025 ikasturtea amaitzera doa eta honek eman dizkigunak kontatzeko probestu nahi izan dugu tarte hau, oporretara joan aurretik. Oparoa izan da aurtengoa ere:

  • Komunikazio estrategiaren lanketa egin genuen Tapunturekin, eta webgune berria diseinatzen aritu gara. 2024ko lanketa izan bazen ere, 2025eko urtarrila hasieran egin genuen publiko www.oinherri.eus webgune berria. 
  • Herrietan Hezkuntza Foroak martxan jarri dira eta beste batzuetan foroetan biltzen jarraitu dugu. Elkargune horietan, tokian toki, herriko hezkuntza proiektu komunitarioei forma ematen ari gara.
  • Nafarroa saretzeko helburuarekin, Iruñean topaketa egin genuen eta Dindaia Fundazioa, Nafarroako haurren aisialdi euskaldun eta hezitzailea helburu duen elkartea sartu da aurten. Herrien bazkidetza berriak izan ditugu eta beste batzuk martxan daude.
  • Haurren eta nerabeen hitza eta parte hartzea sustatzeko aurrerapausoak eman ditugu. G(H)AURKI, herrietan haurren parte hartze kanal iraunkorrak sortzeko tresna eta online plataforma eskuragarri dago Oinherriren webgunean. 
  • Espazioekin eta hirigintzarekin lotuta, Hiritik At-ekin lankidetzan eta “hirigintzako herri arteko foroak” deitu ditugunetan herri anitzetako esperientziak entzun eta gero, gure ingurune hurbileko espazioak hezitzaileagoak bihurtzeko gakoak definitu ditugu. Azken emaitza, “Herrietan espazio hezitzaileak eraikitzeko gakoak” deitu dugun eta webguneko baliabideen atalean, Oinherri eskolaren barruan ikusgai duzuen Moodle plataforma bat da.
  • Helduon begirada eta jarrera helduzentristen inguruan ikasi eta haur zein nerabeei zentzu guztietan espazioa ematearen garrantziaz jabetu gara. 
  • Honekin batera eta aisialdiak duen botere hezitzailea erdigunean jarrita, sexualitatearen lanketan oinarritzen den Oinherriren 11.liburuxka argitaratu da “Nola landu sexualitatea hezitzaileon egunerokoan” izenburuarekin. Batez ere hezitzaileei bideratutako tresna praktikoa da, nahiz eta edozein heldurentzat baliagarria den. Maiatzaren 16an egin genuen Hiruki Larroxa eta txatxilipurdi elkartearekin sortutako liburuxkaren aurkezpena. 
  • Ekainaren 6an, Oinherriren bigarren Batzar Orokorra ospatu genuen Sopelan, bazkide sustatzaile zein laguntzaileak bigarren aldiz formalki elkartuz.
  • Sareko herrietan, eskola kirolaren eta nerabezaroaren kultura eta parte hartzeari buruzko formazioak eskaini ditugu.

Aisia, hirigintza, haurren eta nerabeen parte hartzea, hezkuntza foroak, komunikazioa, formakuntzak, batzarrak, jardunaldiak eta mintegiak… eguneroko bizitzaren behar eta nahien lan esparru anitzak ditugu esku artean eta gogoz jarraituko dugu lanean datorren ikasturtea ere. Gozatu uda eta irailean ikusiko dugu elkar!

Beste berri batzuk

Scroll to Top