Eskola Txikion leloa izan da eta da “Eskola Txikiak bizirik, herri eta auzo txikiak bizirik”. Baina nola egikaritzen da lelo hau? Zer egin dezake eskolak herria bizirik mantentzeko edo biziberritzeko?
Ezertan hasi baino lehen, beharrezkoa da maisu-maistrok dagokigun ardura gure gain hartzea eta gure lan lekua den herriari begiratzea, non gabiltzan eta non gauden ulertzea, eta geure ikasleak non bizi diren, nongoak diren, bizi diren leku horrek eurengan duen eragina zein den behatzea, aztertzea eta ulertzea.
Eskola Txikiak landa eremuan kokatzen dira, mendeetan zehar sortu eta garatutako jakintza, kultura, balio eta tradizioak garai berrietako bizimodu, pentsaera eta harremanekin talkan bizi diren ingurunean. Ez dugu lo-leku eta argazki idilikorik nahi, herri eta auzo txiki biziak nahi ditugu. Biziak eta bizitzeko modukoak. Sinesten dugu herri-bizitza duten herrietan, naturarekin errespetuan bizi diren herrietan, ogibidea izateko aukerak sortzen dituztenetan, eta hori guztia bultzatzen duten komunitate kohesionatu eta parte-hartzaileetan. Gure eskoletako haurrak komunitate horretako partaide direnez gero, parte-hartze horretan trebatu nahi ditugu parte-hartzeko aukera errealak emanez. Orain egin behar dugu, eta ez etorkizunean, haurrak gure komunitateen oraina ere badirelako.
Parte hartu ahal izateko, beharrezkotzat jotzen dugu eskola horretako eta herri horretako parte sentitzea. Pertenentzia sentimendua badute, herritar sentimendua izango dute, eta hortik etorriko da herri eta komunitate horretan ematen diren ekimenetan parte hartzeko gogoa.
Horretarako, eskolak eta bertan lan egiten dugun maisu-maistrok, gure lan lekua eskolaren lau paretetatik haratago doala ulertu behar dugu. Herrira, plazara, dendara, tabernara, natur guneetara, baserrira… gerturatu behar dugu, herrikideak ezagutu behar ditugu, hauekin harremandu behar dugu. Finean, gu ere komunitate horren partaide izan behar gara. Gure ikasleengan nekez garatuko dugu guk geuk ez dugun sentimendu edo izatea.
Eta guzti hau haurrekin egin behar genuke gainera. Ekintza interesgarriak dira irakasleon ohiko rola aldatzeko, haurrei gidari, erakusle eta protagonista rola hartzen uzteko, eta gu haien bidelagun izateko. Haurrekin joango gara herriko plazara, dendara eta beraien arratsaldeetako jolas-leku eta ezkutaleku sekretuetara. Bertan gaudela, agurtuko dugu bataren aitona, bestearen zaintzailea, herriko tabernaria edo goizeko kafea hartzera doan andre-koadrila. Haiekin elkarrizketak izateko, herrian zer berri dagoen jakiteko eta haiekin egoteko adina patxada hartuko dugu. Eta ez, ez gara denbora galtzen ariko, alderantziz, denbora benetan garrantzitsua den curriculumaren zatia garatzeko probesten ariko gara.
Hori eginez, hezitzaile bezala haur bakoitzarentzat diseinatzen dugun hezkuntza eskaintza hobetzeko aukera izango dugu gainera, hobeto iritsiko baikara behar duen hori ezagutzera eta ematera, baldin eta, bere bizilekua, ingurua, bertako beharrak ulertzen baditugu.
Herria ezagutzetik eta bertako partaide izatetik, herria hobetzera, eraikitzera eta ekintza komunitario eta parte-hartzaileetara igaroko gara. Honetarako, beharrezkoa izango da eskolan askotariko erabaki-gune eta parte hartze aukerak eskaintzea. Parte-hartzen ere parte-hartuz ikasten baita.
Parte-hartze ekintzak bi eskala nagusitan banatzen ditugu guk: banakakoak eta komunitarioak. Banakakoak, norbere bizitza eta ikas-prozesuei buruzko erabaki, konpromiso eta ardura propioei lotutakoak dira. Komunitarioak berriz, eskola edo herri mailan eragitea helburu duten ekintzei lotutakoak dira. Biak dira garrantzitsu eta beharrezko nitasunetik gutasunerako joan-etorria esperimentatu eta bizi ahal izateko lagungarri diren heinean.
Ikuspegi praktiko bat ematearren bi adibide zehatz emango ditugu, modu askotara egin daitezkeenak, baina azaltzen ari garena ulertzen lagun dezaketenak.
Banakako parte-hartzeren adibide litzateke, norbere ikas-prozesuen auto-erregularizaziorako tarteak eskaintzea. Erreferentziazko maisu-maistra haur bakoitzarekin biltzen da astearen hasieran eta aste horretan egin eta ikasi asmo duenari buruz hitz egiten dute. Hori lortzeko hartzen dituen ardura eta konpromisoak elkarrekin zehazten dituzte eta idatziz jasotzen dira. Astearen amaieran, egindako ibilbidearen balorazio bat egiten dute, norberak berea edo/eta maisu-maistraren ekarpenak jasoz. Bertatik ateratako ondorioak hurrengo astelehenean asteko auto-plangintza egiteko kontuan izaten dira.
Bestalde, parte-hartze komunitarioaren adibide dira asanbladak. Bilgune hauetan era askotako gaiak landu daitezke oso modu ezberdinean. Baina esperientziak erakutsi digu badirela tentu handiz zaindu beharreko hainbat puntu:
- Asanbladak ezin dira izan desira edo nahien jasoketa hutsak. Nahiak eta eskaerak modu arduratsuan egiten treba daitezen ahalegintzen gara, desira horiek egikaritzeko norberak egingo dituen ekarpenak eta hartuko dituen arduretan fokua jarriz.
- Ikasle guztiak asanbladetan modu aktiboan parte-hartzen ahalegintzen gara, parte hartzea hitz egiteaz haratago, batzea, elkarri entzutea, konpromisoak hartzea, inplikatzea, elkarri eragitea, guztien beharrak aintzat hartuko dituen ekarpenak egitea dela ulertuz.
- Adierazpide ezberdinei eman behar zaie ahotsa. Haur asko hitzekin baino beste bide batzuetatik hobeto adierazten direla kontuan izanik, adierazteko modu ezberdinak aintzat hartzen dituzten ekintza parte-hartzaileak diseinatzen ahalegintzen gara.
- Taldearen aniztasuna aintzat hartu behar da asanbladak dinamizatu eta bertatik ateratzen diren erabakiak adosterako garaian. Eskola Txikiak izanik, 2-12 urte bitarteko haurrak elkartzen dira erabaki guneetan eta adin aniztasunak dakartzan abantailak baliatu behar genituzke. Elkarri entzunez eta elkar aintzat hartuz, elkar zaintzen duten eskola eta komunitateak sortzera igaroko gara.
Eskolako parte-hartze dinamika hauek herrira zabaltzea dugu helburu, berdinen arteko asanbladetatik, herrian askotariko arloetan parte hartuz eta bizi-esperientzia esanguratsuak biziz familiekin, udalarekin edota herri eragile ezberdinekin elkarlanean. Horren adibide dira, hainbat herritan Oinherriren laguntzaz abian jarri diren hezkuntza-mahaiak.
Guzti honi esker, eskola herritarra egia bihurtzeko pausoak eman nahian gabiltza. Bidean hanka-sartze, etsipen, deserosotasun, zalantza eta eztabaida ugari ari gara bizitzen, noski. Haurrak entzuteak, beraien lekuan jartzeak eta beraien moduetan egiten uzteak eskema-apurtze ugari dakartza, eta hori ez da bat ere erosoa helduontzat. Baina zinez sinisten dugu, gure herriek eta auzoek bizirik jarraituko badute, eskolak dagokion ekarpena egin behar diola herri bizitza horri, haurrei herri bizitza horretako parte eta partaide izateko aukerak eskainiz. Lorea Agirrek dioen bezala “izatea ekitea da, egiten duguna gara”.


