AGUR NATURA, ONGI ETORRI ZEMENTUA! Hemen dugu espazioen birnaturalizazioaren inguruko hausnarketa Jardunaldia. UEU-k, Oinherrik eta Oinherriren bazkide den Hiritik At-ek elkarlanean antolatutako jardunaldia aurkeztu nahi dizuegu. Ekainaren 25ean espazio hezitzaileen inguruan aritzeko hitzordua daukagu Iruñan.
Oinherritik argi daukagu “herria badela hezkuntzarako eduki, testuinguru eta eragile” (Trilla 1990). Herria diogunean, ordea, herriaren alde bigunaz zein gogorraz ari gara. Hots, herri batean ematen diren harremanez eta artikulatzen den sare sozialaz, eta espazioa antolatzeko moduaz. Hezkuntza eta hirigintza, lehen begirada batean elkarrengandik urrun egon daitezkeen bi lan arlo, bi egiteko modu ezberdin badira ere, elkartu eta elkarrekin espazio hezitzaileak sortzeko aukera ematen digute.
Azken urteetan, eragile askok askotariko proiektuak garatu dituzte gure herriak, jolastokiak eta espazio hiritar edo herritarrak ikuspegi hezitzaile batetik eraikitzeko. “Agur natura, ongi etorri zementua!! Espazioen birnaturalizazioaren inguruko hausnarketa” jardunaldietan hezkuntzaren eta espazioaren arteko harremanaz ariko gara; parte-hartzeaz, naturaz eta bidean ikasitakoaz. Gure espazio hezitzaileak gertutasunetik, egunerokotasunetik eta haurtzaroak eskaintzen digun txikitasunaren neurri politikotik berriz pentsatzeko proposamenak entzun, hausnartu eta elkarrekin landuko ditugu.
9:00etan hasiera izango duen eta 14:00ak arte (bazkaltzeko aukera) iraungo duen goizeko programa honek, espazio hezitzaileak gertutik ezagutzeko eta irakaspenak elkarbanatzea, Nafarroako proiektu hezitzaileen arteko saretzearen inguruan hitz egitea eta espazio hezitzaileak eraikitzeko gakoak identifikatzea du helburu.
Gai hauek lantzeko hizlari moduan Clara Eslava, Naturan Heziko kideak, Orekari arkitektura estudioko kideak, Lesakako eta Baztango kideak eta Hiritik At eta Oinherri arituko gara.
Jardunaldia hezkuntza formaleko eskola komunitateari, hezkuntza ez formaleko eragileei, pedagogoei, arkitektoei, udal teknikari, zinegotzi eta langileei, ingurumen profesionalei, hezitzaileei edota interesa izan dezakeen edonori zuzenduta dago.
Jardunaldiaren inguruko nondik norakoan azaltzen dituen elkarrizketa duzue hemen entzungai. Zebrabidean saioan Oinherriko Aitziber Leoz-i egindago elkarrizketa aurkituko duzue.
Eman izena eta interesa izan dezakeen edonoren artean edo interesa izan dezakeen edonor ezagutzen baduzue ere, zabaldu.
Ekainaren 25ean Iruñan elkar ikusiko dugu!
EGITARAUA
09:00 – 09:10 Harrera eta dokumentazio banaketa.
09:10 – 09:15 Ongietorria eta jardunaldiaren aurkezpena.
- UEUko ordezkaria.
- Aitziber Leoz Etxarri (Lehen Hezkuntzako irakaslea ikasketaz. Ingurumen Hezkuntzan masterra. Graduondokoa Pedagogia Berdean. Oinherriko langilea.)
- Txusma Azkona Mendizabal (HHko hezitzailea eta Pikler pedagogoa. Plisti Plasta ekimeneko sortzailea. Oinherriko lehendakaria.)
09:15 – 10:15 Eskola. Haurtzaroko eremuak eta oroitzapenak. (Gazteleraz)
- Clara Eslava Cabanellas (UEM Unibertsitateko irakaslea, doktorea, arkitektoa, ikertzailea eta profesional independentea.)
10:15 – 10:45 Baso-eskola, haurraren garapen integralerako bidea.
- Maite Gonzalez Lugo (Biologian graduatua, Ingurugiroaren eta Kutsaduraren Toxikologian espezializatua, eta Irakaskuntza Masterra duena. Baso-eskolako teknikaria. Kutxa Fundazioko kidea.)
- Erkiz Miguez Montero (Magisteritzan graduatua, Baso-eskolako teknikaria Kutxa Fundazioan. Kutxa Fundazioko kidea.)
10:45 – 11:00 Galderetarako tartea.
11:00 – 11:30 Herrietan espazio hezitzaileak eraikitzeko gakoak.
- Izaskun Soto Lopez (Arkitekturako gradua eta masterra. Hirigintza feministan aditua. Hiritik At kooperatibako kidea.)
11:30 – 12:00 Atsedenaldia.
12:00 – 13:15 Mahai-ingurua: proiektu, ereduak… elkarbanatzen!
- Lesaka: Herriko hirigintzan haurrek erabakitzen.
- Baztan: Kukuline proiektua.
- Orekari: Parte-hartzea eta arkitektura: elkarlaneko diseinu baten bidean.
Gonbidatuak:
- Ladis Satrustegi Alzugaray (Magisteritzan tituluduna NUPen eta ondotik ekintzailetza eta EHUn Iraunkortasunerako lidergoan eta aldaketaren kudeaketan eragiteko masterra burutu zuen (2022-2023). Musikazale amorratua. Herriko talde batzuetako partaidea, 2019tik Lesakako udaleko alkatea. )
- Josune Ziganda Galain (Elizondo Eskolako LHko tutorea eta Kukuline taldeko kidea. Musika eta Gorputz Hezkuntzako diplomatua, eta bere jarduna Psikogeologia eta Adimen Erreprogramazioko masterrarekin osatu du eta metodologia aktiboetan.)
- Zuriñe Zubillaga Izaguirre (Irakaslea Haur Heziketa espezialitatean diplomatua eta graduatua, eta Idazle Eskolako graduondoduna. Bere ibilbidean metodologia aktiboetan sakondu du. Gaur egun, Elizondo Eskolako zuzendaria eta Kukuline taldeko kidea da.)
- Ioar Cabodevilla Antoñana eta Xabier Urroz Zabalza (Orekari estudioa)
Moderatzailea:
- Ander Zanguitu Orbea (Arkitekturan graduatua. Hiritik At kooperatibako kidea.)
13:15 – 13:55 Erronken identifikazioaren lanketa kolektiboa.
- Moderatzailea: Hiritik At.
13:55 – 14:00 Jardunaldiaren agurra eta amaiera.
- Aitziber Leoz Etxarri (Oinherri)
14:00 – 16:30 Talde-bazkaria.


