Pasa den larunbatean, urtarrilak 31, Hernanin eman genion hasiera HUHEZI eta Uda Leku elkartearekin batera aurrera eramango dugun “Aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa elkarrekin eraikiz” proiektuari. Bertan, Euskal Herriko zenbait herrik hartuko dute parte: Hernani, Ziburu, Lesaka, Lekeitio, Agurain, Sopela, Markina, Errenteria eta Oarsoaldeako mankomunitatea. Egitasmo hau Gipuzkoako Foru Aldundiko IDEIAK dirulaguntzari esker gauzatuko dugu.
Egitasmo honek bi lanketa mota egitea ahalbidetu digu: bata, herrietan egingo den tokian-tokikoan, eta bestea, saretzea helburu izango duen nazio mailan egingo dena.
Herrietako prozesuari dagokionez, lortu nahi den helburua herri bakoitzean eskaintzen den aisia eskaintza zein neurritan den hezitzailea, euskalduna eta inklusiboa identifikatzeaz gain, esparru horietan aurrerapausoak emateko ekintza plana gauzatzea izango da. Horretarako, marko teorikoa eta adierazle sistema sortu ditugu, non aisia hezitzailearen gakoak landu diren: besteak beste, haurtzaroaren eta nerabezaroaren kultura, parte hartzea, ingurumena, kultur aisia, komunitatea, euskalduntasuna eta inklusioa.
Herrietako prozesu honetan, udalek eta aisia eragileek parte hartuko dute, batez ere. Dena den, umeen eta nerabeen ahotsa jasotzeko dinamikak eta metodologia zehatzak ere baditugu prest. Izan ere, erabiltzaileen iritzia eta ekarpenak jasotzea ezinbestekoa da haientzako eskaintza egokitua diseinatu ahal izateko.
Esan bezala, proiektuan parte hartuko duten herriek tokian tokiko aisiaren inguruko azterketa egingo dute, eta bakoitzak bere modura egin badu ere, sarea ehunduz egingo dugu. Horrela, prozesuak iraun bitartean, hiru aldiz elkartzeko aukera izango dugu. Modu horretan, gaiaren nazio ikuspegia lantzeko aukera izango dugu, hala nola, aisiaren inguruan Euskal Herri mailan egun ditugun kezka amankomunak identifikatzeko eta horiei aterabidea ematen saiatzeko. Gainera, herrietako esperientziak eta praktika onak ezagutu eta elkarrengandik ikasteko aukera eskaini nahi duen prozesua izateko egitasmoa diseinatu dugu.
Horrez gain, mugaz gaindiko sare mailako lanketaren metodologia ikertuko du HUHEZIk. Horrek, kezka antzekoak ditugun arloetan elkarrekin lan egiteko metodologia sistematizatzeko aukera emango digu..
Egitasmo honek sei hilabeteko iraupena izango du, eta ekainaren 6an, Ziburun, egingo ditugun Topaketetan partekatuko ditugu emaitzak eta esperientziak. Beraz, gorde data, Euskal Herriko aisia hezitzailearen elkargunean ikusi nahi zaitugu eta!


