Aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa elkarrekin eraikiz egitasmoak egin du bere bide erdia, eta lanean jardun garen hiru hilabete hauetan, eman ditu bere fruituak HUHEZI eta Uda Lekurekin elkarlanean aurrera eramaten dugun proiektuak.
Hasteko, tokian tokiko aisia mapatu dugu eta, beraz, herrietako aisiaren diagnostikoa gauzatzeko aukera izan dugu. Orain, herri bakoitzak, diagnostiko horretatik abiatuz, etorkizun hurbilerako plana gauzatzeko ardura hartu du.
Horrez gain, sare mailako harremanak sustatzeko, topaketa bat , eta aldi berean, esperientzia inspiragarri bat ezagutzeko bidaia pedagogikoa egin dugu Berrizarrera. Izan ere, atzo izan ginen Berriozarren bertako Aisialdi Plan Komunitarioa ezagutzen. Plan honek, autogestiorantz bideratutako aisia sustatzeko misioarekin sortua dago eta horretarako, ludotekan-gaztegune-gaztetxe ibilbidea proposatzen da. Are gehiago, aisia eskola ere badute hezitzaileak formatzeko, eta modu horretan, aisia esperientzia zirkularra eta zero kilometrokoa sustatuz.
Berriozarren, beraz, pertsona bat hasi daiteke ludotekan parte-hartzean trebatzen, jarraitu gaztegunean ko-gestioan murgiltzen, ondoren gaztetxean autogestioa praktikan jartzen, eta 18 urterekin, hala nahi badu, hezitzaile gisa formatu eta rol horretan itzultzeko ludotekara, horrela zirkulua itxiz. Hori guztia, begirada hezitzailearen eta intentzionalitate osoz diseinaturiko eraikin berean gertatzen da, herriko langile publikoen eskutik.
Bihotza eta burua beteta itzuli gara Berriozartik eta hurrengo hilabeteetan, herrietako aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa hobetzeko ekintza planak diseinatuko ditugu. Proiektuaren emaitzak ekainaren 6an, Ziburun, egingo dugun jardunaldi irekian plazaratuko ditugu. Datozen asteetan publikatuko ditugu topaketa honen xehetasun guztiak. Gonbidatuta zaudete bertaratzera.




