Amaitzen ari zaigun ikasturte honetan, asko hitz egin da eskola kirolaz. Batez ere, epai baten ondorioz, enegarrenez, norbanakoaren eskubideak kolektiboaren eskubideen gainetik jarri direlako. Gipuzkoako Auzitegiak Eskola Kirola derrigorra ez izatea erabaki du aurrerantzean, ondorioz, hemendik aurrera guraso bakoitzarena izango da erabakia. Horrek, bere arriskuak izan ditzake.
Eztabaidaezina da kirola egitea osasuntsua dela. Haurtzarora ekarrita, ordea, heziketaren ardatza gurutzatzen zaio aferari. Haurtzaroak berezko ezaugarriak ditu, besteak beste, mugimendua, jolasa, ludikotasuna, sormena eta sozializazioa. Parametro horiek errespetatzen dituzten kirol mota ezberdinak probatzea izan beharko luke, beraz, haurrek haurtzaroan kirolarekin izan beharreko harremanaren oinarria.
Orain arte, Gipuzkoan batez ere, 12 urtetik beherako haurrek eskola kirolaren bidez, multikirol programaz gozatzeko aukera izan dute eta espezializazio goiztiarraren bidea, nerabezarora arte atzeratzea lortu izan da. Horretarako, ordea, derrigortasun bat ezarri behar izan da. 12 urtetik beherako haur batek kirol klub batean izena eman nahi bazuen, derrigortuta zegoen eskola kirola egitera. Zergatik? Haurraren ongizate integrala (fisikoa, emozionala eta soziala) bermatzeko.
Hemendik aurrera ez da derrigortasunik izango, guraso bakoitzak erabaki beharko du. Jakin badakigu, kirol batzuk botere ikaragarria daukatela, gure iruditegi, espektatiba eta desioak erabat kutsatzerainokoa. Haurren nahiak euren beharren aurretik jartzeko tentazioan erortzen gara maiz, nahi hauek askeak izango balira bezala. Haurren ongizaterako egokienak diren erabakiak hartzen ahal dira beti?
Horregatik guztiagatik, Oinherriren ustez, orain da eskola kirola indartzeko eta gurasoentzako aukerarik onena bihurtzeko momentua. Duela urte batzuk, Eskola Kirola Gogoeta Kolektiborako Tresna (EKGKIT) sortu genuen, Euskal Herriko kirol eta hezkuntza eragile anitzekin elkarlanean. Tokian tokiko udala, ikastetxeak, hezkuntza ez formaleko eragileak eta kirol taldeak inplikatuz, eskola kirol ereduaren inguruan hausnartzeko tresna da. Galdera deserosoak erantzunez, eskola kirol ereduaren aspektu ezberdinak zalantzak jarri eta eraldatzea du helburu oinherri.eus atarian, baliabideen atalean aurkituko daitekeen tresnak horrek.
Oinherri elkartetik, beraz, EKGKT hau erabiltzera gonbidatu nahi zaituztegu, zuen herriko eskola kirolari buelta bat eman eta benetan proiektu hezitzaile komunitarioa bilakatzeko. Derrigortasunik gabe ere, gurasoek, eskolek zein kirol elkarteek, haurren ongizate integralerako egokiena den aukeraren alde egiteko zalantza txikiena ere izan ez dezaten.