Haurren parte hartzea, herri hezitzaileen oinarri

Pasa den azaroaren 20an, Haurren Nazioarteko eguna izan zen eta datorren igandean, azaroaren 30ean, Hiri Hezitzaileena izango da. Bi egun garrantzitsu Oinherrirentzat eta efemeride bikaina “Haurren Parte-Hartzea, Herri Hezitzaileen oinarri” markoa aurkezteko.

Guretzat haurren parte-hartzea eta Herri Hezitzailearen filosofia txanpon beraren bi aldeak dira: batak bestea gabe zentzua galtzen du. Bi lanketa horiek osagarritzean dago gakoa beraz, haurrak txiki-txikitatik komunitatearen parte aktibo izan daitezen.

Herri Hezitzaile batek haurren parte-hartzea zergaitik eta nola sustatu beharko lukeen landu dugu azken urtean EHUko Auzolana Hezkuntza ikertaldearekin elkarlanean.  ALHE taldeak, hainbat ikastetxetako profesionalekin lankidetzan, praktika eta proiektu pedagogiko berritzaileak aztertzen ditu. Ikerketa horiei esker, ikaskuntza-prozesuak zein irakaskuntza-funtzioa hobetzen, ikastetxeen baliabideak berrantolatzen eta inguruneaz zein hezkuntza-komunitateaz baliatzen lagundu duten gakoak identifikatu dira; haurrak ahalduntzeko pedagogia baten alde eginez.

Elkarlan horretatik forma eman diogu “Haurren parte-hartzea, Herri Hezitzaileen oinarri” dokumentuari. Oinherriren web gunean, baliabideen atalean, osorik irakurri dezakezuen lan txostenak, markoa eskaintzen dio gure jardunari. Haurren parte-hartzea hezkuntza komunitarioan txertatzeko behar-beharrezkoak diren gakoak landu ditugu bertan, hala nola, haurtzaroarekiko begirada, parte-hartzearen ulerkera, helduzentrismoa eta intersekzionalitatea.

Beste berri batzuk

Scroll to Top