Aspalditik geneukan gogoa Farapik eta Oinherrik elkarrekin proiekturen bat gauzatzeko eta aurten izango dugu aukera. Bi erakundeek prozesu parte hartzaileetan izandako esperientzia elkartu dugu eta, bertatik abiatuta, haurren parte hartzea sustatzeko tekniken bilduma osatzeko erronkari helduko diogu.
Bilduma hori hezitzaileekin batera sortu nahi dugu. Izan ere, hezitzaileak dira egunerokoan teknikak praktikan jarriko dituztenak, eta haien ekarpenak ezinbestekoak dira tresna erabilgarri eta lurreratu bat eraikitzeko. Horretarako, Oinherriko hezitzaileen herri arteko foroan landuko dugu gaia, tekniken bilduma hezitzaileek haien jardunean dituzten beharretara eta erronketara egokitu dadin.
Lehenengo lan-saioa urriaren 27an antolatuko dugu Donostiako Tabakalera eraikinean, ikasturte honetako hezitzaileen lehen foroan. Lanketa horretan, haurrekin parte hartzea sustatzerakoan sortzen diren erronken inguruko gogoeta egingo dugu, baita horretarako beharrezkoak diren baliabideen jasoketa ere.
Saio horretan ereindakotik abiatuz, haurren parte hartzean erreferenteak diren proiektuak arakatuko ditugu eta gida osatzeari ekingo diogu. Ondoren, abenduaren 15eko hezitzaileen bigarren foroan aurkeztuko dugu landutako proposamena eta beste ekarpen erronda bat egingo dugu partaideekin.
Azken emaitza ikasturte amaierarako prest izatea espero dugu.


