Hezitzaileen II. Herri Arteko Foroa – “Nola akonpainatu bideratu gabe?”

Pasa den urtean Oiartzun, Hernani, Ereñotzu, Itziar eta Seguran, Haurren Parte Hartze Kanal Iraunkorrak diseinatzeko esperimentazio prozesuak burutu genituen. Tokian tokiko haurren parte hartzea sistematizatzeko egiturak diseinatu genituen eta aurten, egitura hauek martxan jartzen hasi gara.

Haurrekin parte hartze kanal hauetan arituko diren hezitzaileen figurak garrantzi berezia izan du prozesu osoan zehar. Hezitzaile hauen rolaren inguruan asko hitz egin dugu, hain modan dagoen bidelagun izate hori, ez delako batere erraza. Argi daukagu, haurren parte hartzea sustatu nahi badugu, haurrak akonpainatu behar ditugula baina bideratu gabe. Hau esatea, egitea baino askoz errazagoa dela jakin badakigunez, hezitzaileen formakuntzan sakontzea erabaki dugu Oinherritik.

Horretarako, esperimentazio prozesuetan parte hartu zuten lau herrietako hezitzaileekin, herri arteko foro bat osatu dugu. Urtean lautan bilduko da foro hau eta elkarrengandik ikastea izango da helburu nagusia. Herri bakoitzean bizitzen ari diren esperientziak partekatzeko gune bat izan nahi du foro honek. Hezitzaileentzako konfiantzazko gune bat: ondo eta ez hain ondo egindakoak partekatzeko, bakoitzak dituen kezka eta beldurrak elkarbanatzeko eta besteenak entzuteko.

Atzo, urtarrilaren 23an, II. Hezitzaileen Herri Arteko Foroa egin genuen. Lehenbiziko tartean, Solasguneko kide den Piter Blancok “Nola akonpainatu bideratu gabe?” formazioa eskaini zuen, eta bertan, hezitzaileen jardunerako zenbait gako eman zituen. Haurra ikusteko moduak, haurrarekin eraikitzen diren harremanak erabat baldintzatzen dituela aipatzen zuen, haurra gaitasundun izaki bakar eta errepikaezin ikusi ezean, hezitzaileak ezingo duelako benetako harremana eraiki berarekin, harremana eraikitzea lehen pausua izango delako haurraren potentzialitatea deskubritzen hasteko. Haurren parte hartzea sustatzerakoan ardatz nagusi gisa identifikatzen du Piterrek jolasa, jokoa eta jolasaren arteko desberdintasunak argi utziz, jolasa izango delako haurrarekin lan egiteko tresnarik garrantzitsuena eta eraginkorrena. 

Formazioa bukatuta, foroko bigarren tartean, haurren parte hartze kanalak sortu dituzten herrietako esperientzien jarraipena egin dugu. Oso aberasgarria izan da herri bakoitzaren egoera ezagutzea eta jarraipen kolektiboa egitea. Bereziki pozgarria guretzat, haurren parte hartze kanal iraunkorrak martxan hartzen ari direla jakitea!

Beste berri batzuk

Scroll to Top