Bada denbora Oinherrik eta Hiritik-Atek hirigintzaren esparruan kolaborazioan lanean gabiltzala, 2021.urtetik hain zuzen ere. Ez da hainbeste denbora pasa azken liburuxka atera genuenetik; Herri antolamendua herri hezitzailearen ikuspegitik. Bertan, marko teoriko txiki bat eta oinarri ideologikoak aurkeztu genituen, udalekin elkarlanean aritzeko aukerako ekintzak eta proiektu fitxa aurkeztearekin batera. Oinarri teoriko baten ondoren, herria eraldatzeko, udalarekin batera aurrera eramateko hainbat jarraibide praktiko azaltzea izan zen gure asmoa.
2025ean elkarlanean dihardugu eta oraingoan herri arteko hirigintza foroa deitu duguna martxan jarri dugu. Tabakaleran 10:00etatik 13:00tara bitarteko ordutegiarekin aurrera eramango diren hiru saioz eratutako formatua izango du honek. Lehenengoa otsailaren 13an izango da, “Proiektuen Azoka” izenpean. Saio honetan, Euskal Herriko zenbait herrik, hirigintzako proiektuen diseinutik proiektuak martxan jartzera bitarteko esperientziak kontatuko dizkigute; proiektuaren helburuak, prozesua, ateratako ondorioak, bidean izandako zailtasunak eta puntu positiboak zein izandako bidelaguntza.
Behin lehenengo foroa eginda, beste bi izango ditugu aurrerago. Alde batetik, martxoaren 13an, eta bestetik, maiatzaren 15ean. Martxoan Equal Saree elkartekoen eskutik alor teorikoa alde praktikoarekin uztartuko dituen formakuntza interesgarri bat eskainiko da: haurtzarora iristeko aliantzak landu, parte hartzerako metodologiak azaldu, hirigintza proiektuen inguruko hausnarketak egin eta egunerokoan gauza hauek praktikan nola jarri landuko ditugu. Maiatzean aldiz, hirigintza hezitzaileago baterako gakoen sistematizazioaren lanketa egingo dugu, praktikan erabili ahal izango dugun lan kuadreno bat osatuz.
Oinherriko Herri Hezitzaileen Sarearen parte diren herri guztiei zabaltzen diegu foroan parte hartzeko gonbidapena. Hirigintzaren esparrua lantzeko aukera paregabea izango da hau ziurrenik. Ez galdu aukera eta animatu!