Pasa den ikasturtean, “aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa elkarrekin eraikiz” egitasmoa eraman genuen aurrera HUHEZI eta Uda Leku elkartearekin batera.
Horri esker, prozesuan parte hartu zuen herri bakoitzean eskaintzen den aisia zein neurritan den hezitzailea, euskalduna eta inklusiboa identifikatzeaz gain, esparru horietan aurrerapausoak emateko ekintza-plana gauzatzen hasi ginen.
Horrekin batera, Mondragon Unibertsitateko HUHEZI fakultateak herrietako prozesuetan jasotako datuak aztertu eta ikertu zituen. Baita Euskal Herriko testuinguruan aisia hezitzaileak barnebildu beharreko alderdi ezberdinak identifikatu ere. Horrez gain, ikerketaren emaitzek erakutsi zuten eskaintzen den aisia hezitzaileak nazio ikuspegitik badituela hainbat hobetzeko edota kezka komun.
Testuinguru horrek, aukera bikaina eskaini digu aisia hezitzailearen eraldaketa nazio ikuspegitik eraikitzen hasteko: tokian tokiko praktika eraldatzaileak sustatuz, eta, era berean, nazio klabean pentsatuz elkarrekin.
Hori guztia horrela izanik, joan den ikasturteko egitasmori jarraipena eman nahi izan diogu eta hala diseinatu genuen “Mugaz gaindiko aisia-sarea erakiz” egitasmoa. Proposamena Euroeskualdera bideratu genuen eta martxan jartzeko dirulaguntza eskuratu dugu.
Prozesu berri honen helburua bikoitza izango da; batetik, joan den urtean prozesua abiatu zuten herriei kudeaketa planak garatzeko bidelaguntza eskaintzea, eta bestetik, mugaz gaindiko lankidetza-sarearen oinarrizko baldintzak eta plangintza adosteko urratsak ematea.
Azaroaren 3an eman diogu hasiera mugaz gaindiko aisia-sarea eraikitzeko prozesuari. Oiartzunen elkartu gara lurralde ezberdinetako eragileak eta zenbait udaletako ordezkari tekniko zein politikoa aisia nazio mailan pentsatu eta irudikatzeko.
Hiru izan dira landu diren alderdiak:
- Hiru lurralde administratiboetan eskaintzen dugun aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusiboa ematen den ala ez aztertzea.
- Gaur egungo egoeraren eta etorkizuneko egoera desiragarriaren artean dagoen arrakala betetzen joateko zein ekintza diren beharrezkoak identifikatzea
- Eta mugaz gaindiko lankidetza-sarea eratzeko baldintzak zein diren izendatzea
Prozesua hasi besterik ez dugu egin.
Informazio gehiago jaso nahiko bazenu, edo parte hartzeko gogoz bazaude, deituiguzu.





