Maiatzaren 16an, ostiralez, egun erdiko jardunaldia antolatu genuen Arrasaten, “Nola landu sexualitatea hezitzaileon egunerokoan” Oinherriren 11. liburuxka aurkezteko. 70 pertsona inguru bertaratu ziren jardunaldira, eta gehienak haur zein nerabeekin lan egiten zuten hezitzaileak baziren ere, udaletako ordezkari teknikoak ere egon ziren bertan.
Liburuxkak lanketa hasi genuenetik bizi izan duen prozesuaren kontaketarekin hasi genuen jardunaldia. Bi urteko ibilbidearen ondorio izan da liburuxka, eta biltzen dituen atalak kontatu genituen gainetik.
Behin aurkezpena eginda, Hiruki Larroxa Kooperatibako kide den eta liburuxkaren lanketan parte hartu duen Ibai Fresnedok hitzaldia eskaini zuen: “Sexu-hezkuntza: korapiloak, aukerak eta erronkak”. Adierazitako ideien artean sexu hezkuntza askotan ikuspegi helduzentrista, moralista, hertsi eta ezkorretik, baita beldur eta alarmismotik eta prebentziotik ere lantzen dela aipatu zuen. Bestetik, hezkuntza ez formaleko espazioak, plazera eta autonomiaren pedagogia lantzeko leku aproposak direla azpimarratu zuen. Gainera, jakinminak, elikatzera, esperimentatzera, nahiak eta mugak ezagutzera eta horrela sexualitate burujabe bat izatera garamatzala komentatu zuen.
Atsedenerako, elkarrekin egoteko eta digeritzeko tartetxoa hartu genuen ondoren, hamaiketakoan.
Mahainguruari ekin genion ondoren. “Aisialdi hezitzailearen eragina haur eta nerabeen sexualitatean” mahainguruan aisialdia modu desberdinetan bizi duten pertsonak bildu nahi izan genituen. Horretarako, Txatxilipurdiko hezitzaile bat gidari, ludoteka eta gaztetxokoetako hezitzaile bana, ekipamenduetako bi parte-hartzaile eta hezitzailea izandako ama bat elkartu genituen. Nerabeek beste ideien artean, hezkuntza ez formalean nahi denaz hitz egiteko konfiantzazko giroa sortzen dela aipatu zuten. Hezitzaileek elkarbanatutakoaren artean, diskurtso bateratua izateko bat egiten saiatzen direla eta gurasoekin sortzen diren egoeren aurrean eku hartzea nola egiten jakitea edo gako batzuk izatea garrantzitsua ikusten dutela esan zuten. Gurasoak, hezitzaile eta guraso bezala dituzun beldurrak asko direla (galderei nola eta zer erantzun momentuan adibidez) eta horretarako formakuntza ere beharrezkoa dela komentatu zuen.
Azkenik, jardunaldiari amaiera emateko, dinamika bat proposatu genien jardunaldian parte hartu zutenei. Entzundakoaren ostean, sortzen zitzaizkien beharrak eta hori aldatzeko hartzen dituzten konpromisoak bildu genituen.
Aberasgarria izan zen oso ostiraleko jardunaldia. Izan ere, heldu garen heinean eta gizarte helduzentrista batean bizi garen heinean, badugu ardura bat. Sexualitatea guk geuk, heldu moduan ere, ez dugu modu askean bizitzen eta haur eta nerabeekin modu natural batean lantzen saiatzen garen arren, haur eta nerabeen garapen sexuala nolakoa den ezagutu behar dugu.
Datozen egunetan egongo da eskuragarri sortu dugun liburuxka.
Hona hemen jardunaldiko argazki galeria:











