Plentziako ibilbideak

Tokian tokiko kultura, ondarea eta historia transmititzea ezinbestekoa da egungo Euskal Herrian. Erronka horri erantzun nahian, Plentziako Udalak herriko ibilbideen egitasmoa ipini du martxan, herriko institutuarekin, Hik Hasirekin, Oinherrirekin eta Udalbiltzarekin elkarlanean.

Proiektuaren aurkezpena egin genuen pasa den ostiralean (urriak 17), Plentziako Uribe Kosta BHI institutuan. Egitasmoaren parte den eragile bakoitzeko kide banak hartu zuen hitza, hurrengo hau azaltzeko:

  • Helburua da ikasleak eta herritarrak oro har, herriaren iragana eta oraina modu atseginean eta erakargarrian ezagutzea eta balioan ipintzea. Halaber, ikasleen ezagutza historikoan sakontzeaz  gain, ikaskuntza teknologikoarekin eta talde lanarekin uztartuko den hezkuntza esperientzia eskaintzea du helburu. Ikasleak beren ikaskuntzatan protagonista izango dira, sormena, ikerketa, teknologien erabilera eta irakaskuntza aktiboa barne hartzen dituen proiektu bat garatuz.
  • DBH 2. mailako ikasleek ibilbide interaktibo historikoa diseinatu, ikertu eta sortuko dute.
  • Emakumeei, ondare arkitektonikoari, historiari, natura-eremuei eta toponimiari begira jarriko dira. Ikasle talde bakoitzak gai bat landuko du ikerketa lanaren bidez: informazio iturriak arakatuz, herriko eragileak elkarrizketatuz eta bildutako informazioa herriko mapan kokatuz.
  • Lan hori egiteko “Proiektu Komunitarioa” ikasgaiko  orduak erabiliko dituzte eta prozesua martxora bitartean luzatuko da. Ondoren, Plentziako Udalak seinaleak, QR kodeak eta elementu interaktiboak jarriko dituzte ibilbidearen puntu garrantzitsuenetan. Ibilbideak 2026ko udazkenerako martxan egotea aurreikusten da.
  • Proiektua aurrera eramateko irakasleentzako gida bat sortu da, gai bakoitzerako unitate bana: proiektuaren fitxa teknikoa, proposamenaren justifikazioa eta gida didaktikoa eskaintzen dira bertan. Azken honetan, saioen eta atazen azalpen zehatza egiten da.
  • Sortutako materiala eta prozesuaren diseinua beste ikastetxe eta udalerri batzuetako “Proiektu Komunitarioen” ikasgairako edota tokiko curriculumen diseinurako baliagarriak izango direla uste dute.
  • Plentziako esperientzia hau esperimentazio moduan ikertuko dugu eta hortik ateratako ikasketekin, tokian tokiko herri curriculumak modu parte hartzailean landu ahal izateko proposamen bat osatuko dugu.

Beste berri batzuk

Scroll to Top