Hezkuntza Foroak: Herri Hezitzaile baten motorra

Oinherriko sareko parte diren herrietan herri hezitzailearen filosofian hedatzeko hainbat baliabide sortu ditugu gure ibilbide honetan. Horietako bat, Hezkuntza Foroen eraketa eta dinamizazioa da. Herri hezitzaile baterako zorua adostea eta hezkuntza eragile ezberdinen arteko estrategia partekatu bat eraikitzea dira foroen eraikuntzaren helburu nagusiak; hezkuntza modu integralean lantzeko bidea abiatzea. Horrela, herrietako hezkuntza komunitatea saretu, eta, herri moduan, hezkuntzarako estrategia bat adosteko.

Hori horrela, hezkuntzaren arloa modu zabalean landuko duen elkargunea osatzen hasten joaten gara. Elkargune horretara, 0-18 urte bitartekoen artean nolabaiteko inpaktu soziala duten eragileak gonbidatzen ditugu. Betiere, hezkuntza proiektu komunitarioa osatzeko ezinbestekoak diren hiru esparruetako eragileak protagonista izango dituen foroa izateko nahiarekin: hezkuntza formala; hor kokatzen ditugu guraso elkarteak, hezkuntza ez formala eta herrigintzako eragileak eta administrazioa; udala. Haurrei eta nerabeei dagokienez, foroa bera arduratzen da haiek herriko dinamiketan parte-hartze erreala izan dezaten sustatzen. 

Baina zer egiten da foro horietan? Lehengo pausoa foroa bera ezaugarritu eta egituratzea da. Bertan, erronkak identifikatu, lehentasunak adostu eta plangintza partekatu bat definitzen da. Hori dena egiteko, bi orduko saio behar izaten ditugu.

Lehen saioan, “non gaude?” galderari erantzuten dion diagnosia partekatua egiten da. Bigarrenean, “nora joan nahi dugun” identifikatzen saiatzen gara hezkuntzarako herri estrategia kolektiboa bilatuz. Eta,  azkenik, “nola joango garen” zehazten da plangintza partekatua eginez.

Prozesua amaitzerako, normalean, talde eragile bat sortzen da zehaztutako ekintza planaren jarraipena egiteko. Talde eragile honek biltzeko maiztasun bat izaten du; talde bakoitzak finkatzen duena, eta, Hezkuntza Foroak berak, beste bat; pausatuagoa, urtean hiru bat aldiz. Modu honetan, foroari tira egingo dion talde motorra izango dugu, eta, bestetik, eragile guztiak batzen dituen foroa. Kasu batzuetan, lan talde txikiak ere sortzen dira, lanketak arinagoak izan daitezen; adibiderako, Gau Beltzaren lan taldea.

Dena den, foroen eraketak eragin zabalagoa ere badu. Herriko eragileak elkar ezagutzeko, elkarrekin ekintzak antolatzeko, agenda, praktika onak,  dauzkaten kezkak, interesak, beharrak eta abar partekatzeko, barre egiteko eta haserretzeko, horretarako eta askoz gehiagorako aukera ematen dute foro hauek. Finean, saretzeko eta komunitatea eraikitzeko aukera.

Izan ere, parte-hartzeak ekintza puntual bat izateari utzi behar dio, eta jendartea eraikitzeko eta bere identitatea definitzeko tresna izan behar du; eguneroko funtzionamendua eraldatuko duena.

Beste berri batzuk

Scroll to Top