Ederra izan da ikasturtea. Herri Hezitzaileen Sarean tokian toki hezkuntza foroak dinamizatu ditugu eta haurren parte hartzea sistematizatzeko egitura iraunkorrak sortu.
Herri arteko foro ezberdinak sustatu ditugu, esperientzien elkartrukea eta elkar ezagutza ahalbideratzeko, hala nola, hezitzaileen herri arteko foroa, hezkuntza teknikarien elkargunea eta eskola kirolarena.
Lehen aldiz, mugaz gaindiko sare mailako lanketa gauzatu dugu aisia hezitzaile, euskaldun eta inklusibo baterako klabeak identifikatzeko. Horren bitartez, Ipar Euskal Herrian proiektu bat martxan jarri dugu eta ikasketa handia izan da guretzat.
Hirigintza hezitzailean sakontzeko beste pauso bat eman dugu “ Agur natura, ongi etorri zementua!” udako topaketetan.
Oinherri eskola sortu dugu, elkarteko bazkide sustatzaileen prestakuntzan sakontzeko eta bazkide laguntzaileei prestakuntza-bidelaguntza planak diseinatzen laguntzeko.
Guzti hau ez dugu bakarrik egin, lankidetzan baizik, besteak beste, Udalbiltzarekin, UEMArekin, HUHEZIrekin, EHUko Auzolana Hezkuntzan ikertaldearekin, Kataluniako Educacio 360ºkoekin, Naiz irratiko Zebrabidean saioarekin, UEUrekin, Uda Lekurekin Eskola Txikien Koordinakundearekin…
Gozatu uda eta adi udazkenean, aurten sukaldatzen jardun garen egitasmo berriekin itzuliko gara eta!


