Egitaraua eta izen-ematea: “Nola Landu Sexualitatea Hezitzaileon Egunerokoan”

Maiatzaren 16an, ostiralez, “Nola Landu Sexualitatea Hezitzaileon Egunerokoan” jardunaldia egingo dugu Arrasateko Kulturate espazioan, Oinherriren hamaikagarren liburuxka aurkezteko.

Hezkuntza formalean zein ez-formalean, bizitzako edozein aspektutan eta edozein momentutan, sexualitatea agertzen zaigu. Ezin gara sexualitatearen aspektu erotikora mugatu: esnatzen garen momentutik lo hartzen dugunera arte, gure buruarekin, beste norbaitekin zein taldean agertzen zaigu sexualitatea, eta sarri askotan, haur eta nerabeekin lanean ari garenean, esaterako, ez dakigu nola esku-hartu.

Goiz osoko jardunaldia izango da, 9:30ean hasi eta 14:00etan bukatuko dena. Hona hemen egitaraua:

Herrietako edozein norbanako, elkarte edo eragile bertaratu daitekeen arren, hezitzaileei, familiei eta haur eta gazteekin lan egiten duten bestelako profesionalei zuzenduta dago bereziki jardunaldia, eta doakoa izango da. Jardunaldian izena emateko, ondorengo galdetegia bete beharko da: https://labur.eus/JardunaldiaMaiatzak16 

Liburuxka honek aisialdi hezitzailearen eta hezkuntza ez-formalaren testuinguruan sexualitatea lantzeko tresna izan nahi du. Sexualitatea askatasunez, autonomiaz eta errespetuz bizitzeko bideak eskaintzen ditu, hezkidetza sexualetik abiatuta. Sortu dugun liburuxka hezitzaileentzako gida bat da, haur eta nerabeekin sexualitatearen inguruko hausnarketa eta lanketa sustatzeko.

Aisialdi hezitzailea eta hezkuntza ez-formala gune pribilegiatuak dira sexualitatea modu naturalean eta egokian lantzeko. Eskolako sexu-hezkuntza garrantzitsua den arren, sarritan ikuspegi biologizistara edo arriskuen prebentziora mugatzen da. Aisialdian eta eskolaz kanpoko hezkuntzan, ordea, harremanak eta bizipenak modu irekiagoan eta informalean aztertzeko aukera dago. Gainera, abantaila esanguratsuak ditu, hurbiltasuna eta konfiantza, eredu alternatiboak sortzea, plazeraren eta autonomiaren ikuspegia lantzea, edota elkarrizketa eta zalantzak argitzeko aukera gehiago izatea, esaterako. 

Animatu eta parte hartu jardunaldian!

Beste berri batzuk

Scroll to Top