Oinherri elkartearen dinamikak sekulako indarra hartu du azken urteetan. Euskal Herriko Herri Hezitzaileen sareko parte diren 50 udalek eta 20 bazkide sustatzailek osatzen dugu egitasmoa. Guzti horien amets kolektiboa da Oinherri eta guzti horietan lantzen diren egitasmo hezitzaileen aterki izan nahi du.
Urtez urte, gai ezberdinak jorratzen ari gara, maila teoriko zein praktikoan, izan haurren parte hartzea, aisia hezitzailea, hirigintza hezitzailea, kultur hezkuntza komunitarioa edota iritsi berrien harrera. Oinherriren jardunaren bueltan sortzen den ezagutza eta esperientzia guzti horren transmisioa bermatzeko sortu dugu Oinherri Eskola eta gaur Agurainen jarri dugu martxan lehen aldiz. Herri Hezitzailearen inguruko oinarrizko formakuntzaren bidez, gure balioen inguruko markoa eta hau praktikara eraman ahal izateko metodologiak partekatu ditugu bazkide sustatzaileetako kideekin.
Oinherri eskolak bi planotan eragin nahi du: batetik, bazkide sustatzaileetako hezitzaile-kideentzako prestakuntza-plana eta bestetik, sareko parte diren herrietako kideentzako prestakuntza-bidelaguntza plana.
Oinherri eskola, urtero errepikatzea da gure asmoa. Alde batetik, kide berriek honen berri izan dezaten eta bestetik gainontzeko partaideekin formakuntzan sakontzen jarraitzeko asmoz. Bigarren saioari forma ematen ari gara, herrientzako prestakuntza eta bidelaguntza uztartuko dituen zerbitzu baten eskaintza izango da. Aurten, esperimentazio prozesu batzuetan probatuko dugu eta datorren ikasturtetik aurrera, sareko edozein herriren eskura egotea da gure asmoa.


